Seigarren sailkatu da Orioko gizonezkoen txalupa, Eusko Label Ligako lehen estropadan

Urola Kostako Hitza 2018ko ekainaren 25a

Orioko trainerua Bilboko estropadan. (Maider Celada/Eusko Label Liga) Asteburuan traineru estropaden sasoian bete-betean murgildu ziren eskualdeko arraun taldeak. Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoen traineru nagusiak Eusko Label Liga abiatu zuen igandean Bilbon jokatu zuten estropadan. Erlojuaren aurkako estropada izan zen, eta arraun taldeek indartsu daudela erakutsi zuten ligako lehen norgehiagokan. Oriok ohorezko txandan jokatu zuen, Kaiku, Urdaibai eta Hondarriaren aurka, baina oriotarrek lan ona egin bazuten ere, seigarren postuan sailkatu zen trainereru horia, 19:43,80 denbora eginda. Orioko arraunlari Josu Indok azaldu duenez, «ezustekoa» izan zen igandeko emaitzak. Urdaibaik irabazi zuen ligako lehen bandera, eta Mikel Orbañanos oriotarrak zuzentzen duen Hondarribia bigarren sailkatu zen. Dena dela, lehia estua izan zen traineruen artean; izan ere, lehen zazpi traineruak 11 segunduren bueltan helmugaratu ziren. Ezustekoa eman zuten iaz play off-a irabazi eta Eusko Label Ligan estreinatu diren bi ontziek, Santurtzik eta Donostiarrak, hirugarren eta bosgarren postuan sailkatu baitziren, hurrenez hurren. Josu Indoren esanetan «denborei dagokionean estropada estua izan zen. Bederatzi segundo atera zizkigun Urdaibaik. Berez ez dira segundo asko, baina tartean traineru asko sartu ziren, eta ondorioz puntuak galdu ditugu». Hala ere, hurrengo estropadetan emaitza hobea lortzeko esperantza du. «Atzoko estropada ibaian izan zen, eta horrelakoetan txanda batetik bestera aldeak egon ohi dira. Hurrengo estropadetan gure maila erakutsiko dugula uste dugu». Getaria bigarren KAE 1 Ligako eta ETE Ligako estropadak Donibane Lohitzunen jokatu ziren larunbatean, eta eskualdeko taldeek lan ona egin zuten. Gorka Etxeberriak zuzentzen duen Getariako Esperantza txalupa bigarren postuan sailkatu zen, 20:50,69 denbora eginda, Deusturen atzetik. Dena dela, ohorezko txanda irabaztea lortu zuten getariarrek, sailkapen orokorrean lehen postuan kokatuta dagoen Astillerori aurre hartuta. Zarauzko Enbatak bigarren egin zuen arraunean, eta Deustu, Lapurdi eta Arkote izan zituen aurkari. Zarauztarrek ez zuten txanda irabazi, baina maila ona erakutsi zuten ligako hirugarren jardunaldian. Bestalde, Zumaia 6. postuan sailkatu zen zarauztarren atzetik; dena dela, lehen txanda irabazi zuen Telmo Deun ontziak, aurkariei 18 segundutik gora aterata. ETE Liga Larunbatean Orio Arraunketa Elkarteko emakumezkoen txalupak Donibane Lohitzunen jokatu zuen ETE Ligako bigarren estropada. Orioko emakumezkoen trainerua bigarren postuan helmugaratu zen, San Juanengandik 13,52 segundora. Donostiarra sailkatu zen hirugarren, eta Hondarribiako txaluparentzat izan zen laugarren postua. Bestalde, Orioko gizonezkoen B ontziak Elantxoben jokatu zuen KAE 2 Ligako bigarren jardunaldia, eta oriotarrak laugarren postuan sailkatu ziren Getxo, Camargo eta Santoñaren atzetik. Hala ere, aurreko asteburuan Bermeon hirugarrenak izan zirenez, hirugarren postuan kokatuta dago Orio B KAE 2 Ligako sailkapen nagusian. Beteranoek bandera Badok13 talde zarauztarrak bere aurreneko bandera irabazi zuen larunbat Sestaon, eta igandean Zarauzko udaletxeko balkoian astindu zuten. Hurrengo hitzodua Zumaian izango dute, datorren larunbatean, eta azken lehia, berriz, Getxon izango dute, uztailaren 27an. Badok13 taldea 2013. urtean hasi zen konpetitzen, eta bost urtera lortu du lehen bandera. «ZAEkoak izandakoak ditugu», azaldu du Edu Mugertza taldekideak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide