"Gaur korrika azkar egiteko intentzioarekin etorri naiz, ez nuen nahi ezustekorik amaieran. Razgarekin ondo konpondu naiz eta aukera ikusi dudanean atzean utzi dut. Oso pozik nago gaurko garaipenarekin. Denboraldia luze doa azarotik eta garaipen hau oso ona da niretzat" azaldu du helmugan. Razgak aitortu du amaieran ez zuela Becerrari segitzeko indarrik. "Ni baino gehiago izan da, ezin izan diot jarraitu. Baina pozik nago bigarren postuarekin". Razgak lasterketa irabazi zuen 2016an eta iaz bigarren izan zen.
Emakumeen lasterketan ere bi korrikalariren arteko lehia estua izan da. Sandra Sevillano santurtziarrak lortu du garaipena, baina lanak eman dizkio amaiera arte Vanesa Pelaez andoaindarrak. Horrela laburtu du lasterketa Sevillanok: "Oso bizi atera dira eta nik hasieran ez nuen gehiegi arriskatu nahi, baina oso atzean gelditzea ere ez zen komeni... Pixkanaka lasterketa burura iritsi naiz eta 21. kilometroraino Vanesarekin batera joan naiz. Zatirik gogorrenean atzean utzi dut eta handik helmugara pixkanaka aldea handitzen joan naiz, baina ez da garaipen erraza izan". Sandra Sevillanok Espainiako Txapelketa irabazi zuen duela hilabete, eta duela hiru urteko maila berreskuratu du, haurnaldiagatik kirol ibilbidean etena egin ondoren.
Maratoi erdian, Mimenza eta Kortazar
Oihana Kortazarrek laugarrenez irabazi du Flysch Trailean, eta garaipen guztiak distantzia ezberdinetan lortu ditu. Irabazi zuen lasterketa 27 kilometrokoa zenean, 31koa ere bai, maratoia irabazi zuen gero eta aurten maratoi erdia. Minez ibili da aspaldian baina gaur pozik agertu da helmugan, lesioa atzean utzi duelako. "Minik ez dut sentitu eta asko gozatu dut lasterketan. Oraindik ez nago maratoia korritzeko, baina maratoi erdian oso ondo sentitu naiz". Aurreko bi urteotako irabazle Alizia Olazabal izan da bigarren, eta Elixabete Garate hirugarren.
Gizonezkoetan Aitor Mimenzak irabazi du maratoi erdia. Joan den otsailean Zumaiako Herri Lasterketa ere berak irabazi zuen, eta gaur erakutsi du errepidean bakarrik ez, mendian ere korrikalari azkarra dela. "Ni pistako korrikalaria naiz, baina Zumaiako ibilbide hau egokia da niretzat, korrika oso azkar egin daitekeelako", azaldu du helmugan. Ibai Makazaga izan da bigarren eta Ruben Aranburu hirugarren.
Zazpi emakume zumaiar maratoian
Egun seinalatua izan da gaurkoa Zumaiako atletismoaren historian, herriko zazpi emakumek jokatu eta amaitu baitute maratoia. Leire Baraibar, Vanesa Galarraga, Arri Urbieta, Iratze Iruretagoiena, Irene Martin, Arritokieta Manterola eta Ainara Iribar –azken hau denboraz kanpo, baina 42 kilometroak osatuta–, izan dira gaur herriko zazpi protagonistak. Gizonezkoetan, Mikel Etxeberria izan da azkarrena maratoian. Maratoi erdian, Iban Iriondo eta Ane Eizagirre izan dira zumaiar onenak.
Gizalegezko keinua
Kirol emaitzak alde batera utzita, gaur izan da azpimarratzea merezi duen beste gertaera bat. Lasterketa ikusten ari zen herritar bati bihotzekoak eman dio, eta parean aplikatu den Murtziako korrikalari talde batek emandako laguntzari esker erietxera bizirik iritsi eta ebakuntza egin ahal izan diote. Zumaiako alkate Oier Kortak lore sorta bat eskaini die korrikalariei eta Gurutze Gorriko kideei, senideen eta herritarren izenean esker ona adierazteko.