Urola Kostako talde feministetako kideak eta beste hainbat emakume Azpeitian elkartu dira gaur, osteguna, "egunerokotasunean ematen diren eraso sexistez" nazkatuta. Adierazi dutenez, "biolentzia matxistari hortzak erakusteko pronto" daude: "Elkarrekin indartsuago egiten ari gara, antolatuta gaude, eta beldurrik gabe erantzuteko prest gaude. Indarkeria matxistaren aurrean, hitzetatik ekintzetara igarotzeko garaia iritsi da".
Gaurko deialdiaren sustatzaileen hitzetan, "indarkeria sexistaren aurkako borrokan, agente sozial, politiko eta instituzional guztien ardura ezinbestekoa da. Pasibotasunak ez du balio". Adierazi dutenez, inguruko herrietan egunerokotasunean jasaten dituzten erasoen erantzukizuna "pertsonala zein kolektiboa" da. "Erasotzaileek eta beren babesleek erantzukizuna dutela argi dugu. Eraso bat jazotzen bada, erantzun bat emango dugu".