Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ester Gimeno, erakusketan. (Izaskun Urbieta)
Francisco Hernandez artista zumaiarraren familiartekoa da Ester Gimeno, eta hark aholkatuta jarri zen Zumaiako Udaleko Kultura teknikariarekin harremanetan. "Franciscok jarri zuen behin bere erakusketa Zumaian, eta esan zidan, agian, izango nuela aukera nik ere nirea ipintzeko. Horrela, eskaera egin nuen, eta tarte bat eman zidaten nire obra erakusteko", kontatu du Gimenok.
23 urte ditu, eta Arte Ederrak ikasi ostean, Arte eta Sorkuntzaren Ikerketa masterra amaitu zuen iaz. Zumaian jarri duen Sempiterno izeneko erakusketa da bakarka aurkezten duen lehenengo obra. Aurretik, eta modu kolektiboan, fakultateko erakusketa batean parte hartu zuen, baita Madrilen egiten den JustMad arte azokan ere. "Bakarka ere aurkezteko aukera izan nuen Madrilgo areto batean, baina zerbait txikia izan zen", gaineratu du.
Sempiterno izeneko erakusketaren oinarrian erretratuak daude. Guztira, 43 pieza jarri ditu erakusgai, eta horietatik sei skateart-ekoak dira. "Sempiterno hitzak betierekoa esanahi du, hau da, betirako iraungo duten gauzak dakartza gogora, eta hain zuzen, erretratuek hori islatzen dute. Pertsona baten momentu bateko irudia jasotzen duzu, eta irudi hori betierekoa izango da", azaldu du artistak.
Zumaian erakusgai jarritako 43 pieza horietan mota askotako pertsona eta pertsonaiak ikus daitezke, baina gehienak artistak ezagutzen dituen pertsonenak dira. "Horiez gain, pertsonaia ezagunak ere erretratatzen ditut. Adibidez, gustuko ditudan rap abeslari batzuk ekarri ditut erakusketara, baita Game of Thrones telesaileko protagonista batzuk ere. Azken horiek ez nituen ekarri behar; gero, baina, gogoratu nintzen duela bi urte Zumaian egin zituztela telesail horretako grabazio batzuk, eta, orduan, pentsatu nuen erakusketa barruan sartzea", azaldu du Gimenok.
Argazkiak ere izaten ditu inspirazio iturri Gimenok, eta batzuetan horietako bateren bat hartu eta bere erara marrazten du. "Baina aurretik esan dudan moduan, erakusketako marrazki gehienak nire gertuko pertsonenak dira, eta beste batzuetan autoerretratuak ere agertzen dira", adierazi du irribarretsu.
Erakusketako lan guztiak eskuz egindakoak dira, eta gehienak egiteko arkatza erabili du. "Nire tresnarik gustukoena da arkatza", azpimarratu du. Hala ere, errotuladoreak ere erabili ditu hainbatetan.
Skateart-a
43 piezetatik gehienak A3 eta A4 tamainan egin ditu Gimenok. Beste seirak, ordea, s
Ester Gimeno, erakusketan. (Izaskun Urbieta)
kateart-aren barruan sartu ditu. Iaz amaitu zuen Arte eta Sorkuntzaren Ikerketa masterreko amaierako lanaren emaitza dira sei horiek. "Anaiak, familiak eta lagun askok skatearekin zerikusia dute. Ni, berriz, pixka bat ibiltzen naiz skatearekin, orduan, nire masterreko amaierako lana horrekin lotuta egin nuen", esan du.
Skatea, ekintza sozial eta feministako artean erabilita jarri zion izena proiektuari, eta ikerketa ardatza feminismoa eta gazteen borroka izan ziren. "Skatearen bidez gazteen borroka, feminismoa, berdintasuna eta tolerantzia bezalako ideiak nola aplikatzen diren adierazi nahi nuen", kontatu du Gimenok. Bere iritziz, skatea oraindik kirol maskulinoa da. "Behin mundu horretan sartzen bazara, berdin du emakumea edo gizonezkoa izan. Denek berdin tratatzen zaituzte, baina egia da oraindik ere gehienak gizonezkoak direla", zehaztu du.
Skateart-eko sei pieza jarri ditu Zumaiako erakusketan: lau handi eta bi txiki. Guztiak, oholetan egindako ilustrazioak dira. "Oholei bigarren bizitza bat ematea ere bazen proiektuaren helburuetako bat. Azkenean, ohol pila bat egoten da baztertuta, eta horiek birziklatzea garrantzitsua da. Gerturatuz gero, dituzten kolpeak ikusten dira. Hauek, dagoeneko, ez dute kirola praktikatzeko balio", azaldu du.
Gimenoren erakusketako skateko oholetan agertzen diren pertsonak ez dira kirol hori egiten dutenak. "Gazte jendea agertzea nahi nuen, nazionalitate ezberdineko pertsonak marraztu eta bakoitzaren borroka adierazi. Hori zen nire proiektuaren helburua".
Gimenoren Sempiterno erakusketa gaurtik uztailaren 1era bitartean egongo da zabalik Zumaiako Alondegiko Oxford aretoan. Astelehenetik ostiralera 18:30etik 20:30era artean egongo da irekita, eta asteburuetan 12:30etik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era.