Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak protokolo berria aurkeztu du, indarkeria matxistari lurralde osoan "erantzun harmonizatua" emateko. Gipuzkoako udal guztiek egin dute bat protokoloarekin, baita eskualdekoek ere.
Gipuzkoako hainbat alkate eta Foru Aldundiko ordezkariak eraso sexisten aurkako protoloaren aurkezpenean. (Gipuzkoako Foru Aldundia)
Indarkeria matxistaren aurkako protokolo berria aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gipuzkoako udalerri guztiek egin dute bat protokoloarekin, eta helburua da erasoen aurrean "erantzun harmonizatua" eskaintzea lurralde osoan. Sexu eraso bat gertatzean udal bakoitzak hartu beharreko neurriak koordinatzea da asmoa, erantzun instituzionala "argia, irmoa eta koherentea" izan dadin.
Atzo, astelehena, aurkeztu zuen agiria Markel Olano ahaldun nagusiak, 51 udalerritako alkateen eta beste hainbat hautetsiren aurrean. Bertan izan ziren, besteak beste, Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkatea, Xebero Agirretxe Errezilgo alkatea, Nika Lertxundi Getariako alkatea, Jose Angel Zaldua Orioko alkatea, Xabier Txurruka Zarauzko alkatea, Josetxo Mendizabal Zestoako alkatea eta Oier Korta Zumaiako alkatea.
Diputatu nagusiaren arabera, "egiturazko arazo handienetako bat da" da emakumeen aurkako indarkeriarena, eta horri gizarte bezala aurre egitea ezinbestekoa da. "Neurri handi batean, gure garapena eta etorkizuneko ongizatea gaur egun abiarazten ditugun berdintasun politikek eta ekintzek zehaztuko dute".
Gipuzkoako Berdintasun zuzendari Miren Elgarrestak, berriz, diputazioaren eta udalerrien arteko «koordinazio lan zabala» azpimarratu zuen, eta beren esperientziak azaldu zituzten hainbat herritako alkateek; besteak beste, Getariako alkateak. Izan ere, udalerriek "protagonismo nagusia" izango dute protokoloan; baita udalerri txikiek ere. "Baliabide nahikorik ez duten udalei tresnak eman eta bidea erraztea bilatu dugu".
Dokumentuak sexu indarkeriaren aurkako ekintzen "esparru juridikoa eta terminologikoa" arautu eta koordinatzen du, eta, gainera, erasoei aurre egiteko jarraibideak zehazten ditu, eraso bakoitzaren larritasunaren arabera. Erakundeen arteko koordinazio urratsak azaltzen ditu protokoloak, eta baliabideak eskaintzen dizkie udalei, adierazpen instituzionalak edota mobilizatzeko deialdiak egin ditzaten. Bestalde, erasoa sufritu duten emakumeen eta haien senideen esku jartzen ditu diputazioaren arreta eta informazio zerbitzuak.