Oikiako Eskola Txikien festako arropa Saharara bidaliko dute

Urola Kostako Hitza 2018ko ekainaren 19a

(Argazkia: Baleike) Ekainaren 10ean antolatu zuten Gipuzkoako Eskola Txikien Festako balorazioa egiteko eta kontuak ixteko garaia da Oikiako bizilagunentzako, eta baita saldu ez zen arropari erabilera ematekoa ere. Arropa soberakinei bide erabilgarria ematea erabaki du festaren antolakuntzak. Herri sahararrekin proiektu solidarioak martxan dituen Darahli elkarteari emango dizkio soberan gelditu diren arropa guztiak. Udan, Bakelekuak izeneko egonaldia egingo dute Saharatik etorritako haurrekin, eta bertan banatuko zaizkie haurren arropak. Aldiz, helduen arropak beste hainbat konturekin osatuta emango zaizkien opari-paketeetan sartuko dira, Saharako familiei eman diezaizkien. Eskola Txikien Festari amaiera solidarioa emateko asmo hori azaltzera herriko bi gazte joan ziren atzo Oikiako Eskolara, Enaitz Azkue eta Eire Salegi, hain zuzen. Bi gazte oikiarrek aurten Saharan izandako esperientzia kontatu zien ikasleei, herrialdearen historia eta bizimoduari buruzko xehetasunekin osatuta; eta baita jantzi sahararrak ere. "Horrela, arropek hartu duten norabidea argi gelditu zen, baita baliabide gutxiago duten zenbait haurrentzat Oikiatik bidalitako arropak zein erabilgarriak izango diren ere", azaldu dute Eskola Txikien Festako antolatzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide