Asteburuan jokatuko dituzte biak, azpeitiarrena Donostian eta zumaiarrena Mutrikun. Eskuz, 3-0 eta 2-1 irabazi dituzte Azpeitiak eta Azkoitiak finalaurrekoetako joanekoak.
Urtzi Lopetegi Azpeitiko palista, osteguneko partidan. (Mailo Oiarzabal)
Gipuzkoako pilotako Herriarteko txapelketak azken txanpara ari dira iristen. Lehian gelditzen diren eskualdeko ordezkariek ziurtatuta dute bi final jokatzea, eta hirugarren baten atarian dira beste bi.
Azpeitia gomazko paletan eta Zumaia zesta puntan dira finalerako txartela poltsikoan dutenak. Azpeitiarrek joan den ostegunean lortu zuten sailkatzea, Zumarraga kanporatuta. Joanekoan, Zumarragan, 1 eta 2 aurreratu ziren azpeitiarrak, eta Urrestillako Txikurin jokatutako itzulerakoan ere emaitza bera errepikatu zuten, buruz buruko bi partidak irabazita: Urtzi Lopetegi 20-14 nagusitu zen frontoi osokoan, eta zazpi koadro eta erdikoan 20-15 irabazita eskuratu zuen puntu erabakiorra Asier Egigurenek. Binakako partidan, aldiz, 20-14 galdu zuten Eneko Martijak eta Oier Alkortak.
Igandean jokatuko dute finala Azpeitiko palistek, 11:00etatik aurrera, Donostiako Altzako pilotalekuan, eta Donostia izango dute aurkari. Azpeitiko Udalak doako autobusa jarriko du finalera joan nahi duten zaleentzat; 10:00etan irtengo da, anbulatorio aurretik, eta Korrale eta Mugari tabernetan eman behar da autobuserako izena.
Zumaiak, berriz, ostiralean jokatuko du zesta puntako finala, 19:00etan hasita, Mutrikun; eta Mutriku da, hain zuzen ere, aurrez aurre izango duten herria. Herriartekoaren txapela janzteko faborito argiak dira zumaiarrak; izan ere, sailkatze ligaxkako sei jardunaldiak irabazita iritsi dira finalera. Joan den asteburuan jokatu zuten azkena, eta 3-0 menderatu zuten Hondarribia: Luken Aizpurua eta Haritz Egaña kadeteek 30-20 irabazi zuten, Eduardo Agirre eta Julen Lopez jubenilek 35-11, eta Telmo Manterola eta Unai Uranga seniorrek 35-16.
Eskuzkoa, erabakitzeko
Eskuzkoa da Gipuzkoako Herriartekoan tradizio handiena duen txapelketa, baita azken tokian jokatuko den finala ere. Ekainaren 30ean izango da hitzordua, Donostiako Atano III.a frontoian, eta Azpeitia zein Azkoitia finalera sailkatzeko lehian ari dira.
Azpeitiarrek oso gertu dute txapelaren defentsa egiteko aukera, finalaurrekoaren joanekoan Oiartzuni 3-0 irabazi ondoren. Azkoitiak ere abantaila hartu du Ataunen kontra (2-1), baina estuago dirudi lehiak kasu horretan. Asteburuan erabakiko dira bi finalaurrekoak.