Iñaki Olaizola atzoko solasaldian. (Baleike.eus)
Nagusiekin Nagusientzat programaren barruan, puri-purian dagoen gai bat aztertu zuen Iñaki Olaizola Eizagirre antropologoak atzo, asteartea, Alondegiko Oxford aretoan eskain zuen hitzaldian: heriotza duina eta aurretiazko borondatea, hain zuzen ere.
Asko dira bizitzaren amaierara heltzean, edo bizi baldintzek bultzatuta, heriotza duina eskatzen duten herritarrak. Gai hori izan zuen hizpide Olaizolak atzoko hitzaldian. Baina, heriotzaz baino, heriotzara eramaten duen bideaz aritu zen antropologoa: adinagatik batik bat, baina baita dependentzia baldintzetan bizi direnen prozesuaz, heriotza beraren atariko azken egunez edota heriotzaren ondorenaz ere.
"Bizitza kalitatea eta norberaren erabakitzeko aukera" dira, haren ustez, heriotza duinaren ardatzak. Eta hark nabarmendu zuenez, gizarteak, osasun sistemak eta familiak zein lagunarteak pisua dute horretan.
Solasaldian puntu asko aipatu zituen, hala nola bizitzaren azken sasoian zaintzak duen garrantziaz eta horren inguruan dauden aukerak, sedazioaren, eutanasiaren eta suzidioaren artean dauden aldeak; horietako bakoitzaren onarpen soziala eta heriotzaren ondoren datozen errituak edo erabakiak.
Aldez aurreko borondateen dokumentuaren inguruan aritu zen hitzaldiaren amaieran. Olaizolak adierazi zuen "oraindik lan asko" dagoela egiteko gai horren inguruan. Dokumentu hori familia medikuaren bidez ere egin daitekeen arren, "gauzak garbi eta ongi lotzearen" garrantzia azpimarratu zuen hizlariak.