Herri guztira zabalduko da etzi Zumaiako aparkamendu sistema berria

Izaskun Urbieta Esnal 2018ko ekainaren 13a

Ekainaren 15etik irailaren 15era arte izango da indarrean aparkamendu sistema erregulatua. Hala ere, urte osoan hainbat aparkaleku arautuak izango dira

Anbulatorio aurreko aparkalekuetan urte osoan egongo da indarrean sistema berria. (Izaskun Urbieta). Ostiralean jarriko dute martxan uda sasoiko aparkamendu sistema berria Zumaian. Uda garaiari dagokion aparkalekuentzako araudia irailaren 15era bitartean egongo da indarrean. Aparkamenduen agintarauaren berrikuntza nagusia da, aurten herri guztira zabalduko dela araudia; hau da,herriaren erdigunetik haratago, Poligonoko eremua ere hartuko du bere baitan. Zumaiako aparkamenduak arautzeko sistema berriak hiru gune nagusi bereizten ditu: errotazio altuko guneak, autoa aparkatuta edukitzeko egonaldi ertaineko guneak (TAO guneak), eta egoiliarrei zuzendutako eremuak. Errotazio altuko aparkaleku gune gisa hiru eremu zehazten dira: A, B eta C eremuak. A eremua urte osoan egongo da indarrean eta hiru zatitan dago banatuta: Moilaberriko zubitik Saregileen plaza arte, Amaiako plaza eta anbulatorioa. Eremu horietan, ibilgailua Zumaian erroldatuta dutenek doan aparkatu ahalko dute, betiere TAO makinan txartela inprimatuta. Gainerako ibilgailuek lehen 30 minutuak izango dituzte doan, eta horiek ere txartela atera beharko dute. B eremua, berriz, uda sasoian bakarrik egongo da araututa, eta bi zonalde hartuko ditu: Zubitxikitik Moilaberriko zubira artekoa (ibai aldetik), eta Alai auzategia (Eroski aurreko gunea). Azken eremua, hau da, C eremua, merkatuan (udaletxe aurrean) dagoen gunea izango da, eta urte osoan egongo da aparkatzea araututa. Egonaldi ertaineko guneei dagokienez, lau eremu bereiziko dira; eremuaren arabera, doan 6 edo 11 orduz aparkatzeko aukera izango dute zumaiarrek. Gainerakoek, aldiz, ordaindu egin beharko dute. Bi kasuetan tiketa inprimatu beharra dago, eta gune horiek uda sasoian bakarrik egongo dira indarrean. Sei orduko eremuak bi izango dira: Saregileen plazatik hasita Julio Beobide ibilbide amaieraraino, eta Itsas Kiroldegia. 11 orduko eremuak, beste bi izango dira: Axular ibiltokia eta GKNko aparkalekua. Egoiliarrentzako guneak Herri guztian zehar egoiliarrentzako bost gune egongo dira, eta horietan bertako txartela dutenek soilik aparkatu ahalko dute. Honakoak dira bost gune horiek: Ardantzabidea, Alde Zaharra-San Jose, Larretxo, Arrangoleta-Amaiako plaza eta Poligonoa. Larretxoren eta Poligonoaren kasuetan, bertan bizi direnek soilik aparkatu ahalko dute; baina, gainontzeko hiru guneetan ezingo dute aparkatu. Aldiz, Ardantzabidea, Alde Zaharra-San Jose eta Arrangoleta-Amaiako plazako guneetan bizi direnek, hiru gune horietako edozeinetan aparkatu ahalko dute bertakoen txartelarekin. Juan Belmonte 10. zenbakian dagoen bulegoan atera daiteke txartela. Garraio publikoak Aparkamendu sistema berrian doako bi aparkamendu jarri dira: kirol portuan, eta estazioko industrialdean. Gainera, uda sasoian, bi garraio zerbitzu eskainiko dira herritarrentzat eta bisitarientzat. Batetik, itsasontzi zerbitzua izango da. Aurten bi ibilbide izango ditu itsasontziak: Txomin Agirre kalea eta Santiago hondartzaren artean (30 minutuko maiztasuna izango du), eta Txomin Agirre-Kirol portuko aparkalekuaren artean (20 minutuko maiztasuna izango du). Bestetik, autobus zerbitzua egongo da. Herri guztian zehar ibiliko da, 30 minutuko maiztasunarekin. Horretaz gain, auzoetarako zerbitzu berezia jarriko da. Bi garraiobideetako txartelak 0,50 euro balioko du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide