Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zesta puntako ligaxkan jaun eta jabe jarraitzen du Zumaiak, eta gomazko paletan abantaila hartu du Azpeitiak (2-1) Zumarragaren kontrako finalaurrekoan.
Asteasuko frontoian lortu zuen Azpeitiak finalaurrekoetarako txartela.
Pilotako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketak azken txanpara iristen ari dira, eta lan txukuna egiten jarraitzen dute eskuz Azkoitiak eta Azpeitiak, zesta puntan Zumaiak eta gomazko paletan Azpeitiak.
Joan den asteburuan erabakita gelditu dira eskuzko lehiaren finalaurrekoak, eta Azkoitiak eta Azpeitiak lortu dute azkenaurreko koskarako txartela bereganatzea. Egungo txapeldunak, Azpeitiak, Asteasu kanporatu du final laurdenetan; joanekoan Frontoi Txikian bezala, 1 eta 2 nagusitu ziren Ilunpekoak Asteasuko pilotalekuan jokatutako itzulerakoan; etxean egin bezala, Asteasun ere kadeteetan (5-22) eta jubeniletan (5-22) erraz gailendu ziren Azpeitikoak, senior mailakoan ez bezala (22-11). Azkoitiak ere emaitza berarekin lortu du Hernani kanporatzea. Hernanin 1 eta 2 irabazi zuten joanekoan azkoitiarrek, kadeteetan eta jubeniletan irabazita; eta ostiralean ere 2 eta 1 irabazita eskuratu dute Oteizakoek finalerdietara pasatzea, kadeteetan (22-15) eta jubeniletan (22-17) irabazita, eta helduena galduta (5-22). Finalaurrekoetan, Oiartzun izango da Azpeitiaren aurkaria; Frontoi Txikian ekingo diote kanporaketari ostiralean, 22:00etan. Azkoitiak, berriz, Ataunekin neurtuko ditu indarrak; azkoitiarrek ere etxean jokatuko dute joanekoa, Gurean, ostiralean 22:00etan.
Zesta puntan, Zumaiak areriorik gabe jarraitzen du Herriartekoan. Ligaxkako bosgarren jardunaldia jokatu dute asteburuan eta, aurreko lauretan bezala, irabazi egin dute, oraingoan Donostiaren etxean. 1 eta 2koa izan zen zumaiarren aldeko emaitza Karmelo Baldan; kadeteetan (26-30) eta jubeniletan (28-35) lortu zuen aldeko emaitza Zumaiak, eta senior mailako partida (35-21) izan zen Donostiarentzat. Datorren asteburuan jokatuko dute ligaxkaren azken jardunaldia zumaiarrek, etxean, Hondarribiaren kontra, baina dagoeneko lortua dute ekainaren 24an jokatuko den finalerako txartela.
Gomazko paleta txapelketan, berriz, finalerdietako joanekoa jokatu zuen Azpeitiak Zumarragan, eta asteburu honetan izango den itzulerarako aurrea hartuta itzuli ziren, 1 eta 2. Bi buruz burukoak irabazi zituzten azpeitiarrek Zumarragan, frontoi osokoa (13-20) eta zazpi koadro barrukoa (19-20); binakako neurketan, aldiz, zumarragarrak nagusitu ziren (20-11). Horrenbestez, etxean berriro bi partida irabazi beharrean dira Azpeitikoak finalera iritsi nahi badute, tanteoan aurretik dira-eta Zumarragakoak.