ARGAZKI BILDUMA: "Eskola txikiak bizirik, herri txikiak bizirik"

Baleike.Eus 2018ko ekainaren 10a

Eskola berria eraikiko duten zelaian egin dute festaren harrera ekitaldia. Oikiako bizilagun asko hurreratu dira bertara; haur, heldu eta edadetu. Baina baita Gipuzkoako herri txikietako gurasoak eta haurrak ere. Aizarnazabaleko zenbait bizilagun oinez joan da Oikiara. Txalaparta doinuekin hasi dituzte ekitaldiak, eta Oikiako eskola txikiko ikasleek abesti bat kantatu dute ondoren. Haur horiek izan dira goizeko protagonistak, abesteaz gain, bizpahiru dantza ere egin baitituzte. Oier Korta Zumaiako alkateak eta Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak hartu dute hitza jarraian. Alkateak ezinbestekotzat jo du instituzioetatik herri txikietako jarduerak bultzatzea, eta azpimarratu du eskola txikiek auzoei bizitza ematen dietela. Eskola txikietako jaiek duten xarma berezia goraipatu du Uriartek. "Eskola txikiak, txikiak bezain erakargarriak dira. Eskola txikiak osatzen dituzuen familiak, ikasleak, langileak, guztiz bertakoak sentitzen zarete, harro sentitzen zarete zuen izaeraz, eta hori zuen seme-alabei transmititzen diozue". Oikian eraikiko den eskola berriari dagokionez, lanak uda honetan hasiko direla aurreratu du, eta urtebeteko epean egingo direla. "2019-2020 ikasturterako ateak zabalik izango ditu". Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok ere hartu du hitza, eta herri handietako bizi kalitatea herri txikietara ere zabaldu behar dela nabarmendu du. Zentzu horretan, digitalizazio kanpaina baten berri eman du, Internet auzo eta herri txikietara ere zabaltzeko. Goizean zehar errepikatu den oihu batekin amaitu dute harrera ekitaldia: "Eskola txikiak bizirik, herri txikiak bizirik". Oikiara gerturatu diren haurrak multzotan banatu dituzte, eta gidarien laguntzarekin gunez gune aritu dira bertan antolatutako ekintzatan parte hartzen. Haurrentzako jokoak izan dira, baita aurpegi margoketa ere. Arratsaldean gehiago Ekitaldiek arratsaldean jarraituko dute. 15:00etan zaldiak, pottokak eta poniak izango dira, eta 15:30ean Zumaiako Musika Bandaren dantzaldia. Arratsaldean zehar puzgarriak izango dira, eta 16:00etatik aurrera Gorriti eta Lopeneren animaliak. Jarraian, 16:30ean, Potxin eta Patxin Pailazoen 'Hondartzan' ikuskizuna izango da, eta, eguna amaitzeko, 18:00etan, apar festa. Hona hemen goizeko zenbait argazki (Irudiak: Baleike.eus)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide