Datorren ostiralean, hondartza denboraldiaren hasierarekin batera, jarriko da indarrean Zumaiako udalerriko aparkamenduak arautzeko sistema berria. Ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean egongo da martxan sistema herri osoan, poligonoetako eremuak barne
Iaz bezala, errotazio handiko guneak, egonaldi ertaineko edo TAO guneak, eta bertakoentzat gordetako guneak bereiziko dituzte, oraingoan, herri osoan.
Errotazio handiko hiru gune
Errotazio handiko hiru gune izendatu ditu Zumaiako Udalak: A, B eta C. Ibilgailua Zumaian erroldatuta dutenentzat doakoa izango da horietan aparkatzea eta gainerako ibilgailuek lehen 30 minutuak izango dituzte doan. Bi kasuetan, tiketa inprimatu beharko da.
A gunea urte osoan egongo da indarrean eta hiru zatitan banatuko da:
- A1: Moilaberriko zubitik Saregile plazara arte.
- A2: Amaiako plaza.
- A3: Anbulatorioa.
B gunea, berriz, uda sasoian egongo da indarrean eta bi zatitan banatuko da
- B1: Zubitxikitik Moilaberriko zubira (ibai aldean).
- B2: Alai (Eroski aurreko gunea).
C gunea, azkenik, Foruen enparantzan kokatutako gunea izango da; A gunea bezala, urte osoan egongo da indarrean.
Egonaldi ertaineko guneak: uda sasoian bakarrik
Egonaldi ertaineko lau gune bereiziko dituzte, eta gunearen arabera, zumaiarrek 6 edo 11 orduz aparkatu ahal izango dute doan. Gainerako ibilgailuek ordaindu egin beharko dute. Bi kasuetan, tiketa inprimatu beharko da.
- Saregile plazatik hasita, Julio Beobide ibilbide amaieraraino (6 ordu).
- Itsal kiroldegia (6 ordu).
- Axular ibiltokia (11 ordu).
- GKNko aparkalekua (11 ordu).
Egoiliarrentzako guneak: uda sasoian bakarrik
Txuriz eta E edo R batez margotutako guneak izango dira, eta herri osoan zehar banatuta egongo dira. Horietan, egoiliar txartela dutenek aparkatu ahal izango dute, betiere, egoiliar bakoitzari dagokion gunean.
Hauek dira guneak:
- 1. Ardantzabidea.
- 2. Alde Zaharra-San Jose.
- 3. Larretxo.
- 4. Arrangoleta-Amaia plaza.
- 5. Poligonoa.
Uda sasoian, 1, 2 eta 4 zenbakidun guneak gune bakar bezala erabiliko direla azaldu du udalak. Horrenbestez, auzo horietan bizi diren lagunek gune horietako edozeinetan aparkatu ahal izango dute beren txartelekin.
Larretxon eta Poligono eremuan, aldiz, bertan bizi direnek soilik aparkatu ahal izango dute; baina, aldi beren, horiek ezingo dute Ardantzabiden, Alde Zaharra-San Josen eta Arrangoleta-Amaia plazan aparkatu.
Egoiliar txartelak banatzeko irizpide aldaketa
Juan Belmonteko 10. zenbakian dagoen bulegoan eskura daitezke egoiliar txartelak. Bulego hori uda osoan egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Araututako guneetan bizi direnek, horietan lan jarduerak egiten dituztenek, bigarren etxebizitza Zumaian dutenek, egoiliarrak ez diren langileek eta landa lurretako eta herrigunetik kanpoko auzotarrek (Oikiakoek, Narrondokoek eta Artadikoek) eskuratu ahal izango dute egoiliar txartela. Horretarako, gidabaimena aurkeztu beharko dute; ibilgailua senitartekoren baten izenean erroldatuta badago, eta txartela eskuratu nahi duen pertsona Zumaiako beste etxebizitza batean erroldatuta badago, ibilgailuaren aseguruaren fotokopia ere aurkeztu beharko du, txartela eskatzen duena bigarren edo hirugarren gidari bezala agertzen dela ziurtatzeko.
2017an etxebizitza bakoitzeko bi txartel banatu zituzten arren, aurtengoan irizpidea aldatu dute. Horren arabera, etxebizitza bakoitzeko gidabaimenen kopuruaren arabera banatuko dituzte txartelak. Bigarren etxebizitza Zumaian dutenek, aldiz, gehienez bi txartel jaso ahal izango dituzte.
Doako aparkalekuak eta garraio publikoa
Kirol portuan (Saraunea) eta Estazioko industriagunean egongo dira doako aparkalekuak. Horiez gain, herri barruan mugitzeko garraio publikoa jarriko dute herritarren eskura.
Txalupa zerbitzua indartu egingo du udalak udan, eta bi linea edo ibilbide eskainiko ditu.
- Txomin Agirre-Santiago hondartza: 30 minutuko maiztasuna izango du. Ordutegia: 11:15-13:45 bitartean eta 14:45-19:45 bitartean.
- Txomin Agirre-Kirol portuko aparkalekua: 20 minutuko maiztasuna izango du. Ordutegia: 11:00-13:30 bitartean eta 15:10-20:30 bitartean.
Gainera, lehen aldiz martxan jarriko dute herri autobus zerbitzua, herrian autoen erabilera murrizteko eta mugikortasun jasangarria sustatzeko. 30 minutuko maiztasuna izango du autobus zerbitzu berriak, eta ibilbide hau osatuko du, aipatzen diren tokietan geldiuneak eginez: tren geltokia-Alai auzategia-Otezuri-Jadarre-Amaia plaza-Larretxo-Amaia plaza-autobus geltokia (Garoa)-autobus geltokia (Kabi)-tren geltokia.