Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituaren barruan, bi musika emanaldi izango dira igandean, Sanagustin kulturgunean. Hain zuzen ere, Deus Ez eta Voltaia taldeak ariko dira zuzenean, 19:00etan hasita.
Gipuzkoako hiru musikarik osatutako taldea da Deus Ez, eta euskaraz abesturiko rock alternatiboa ekoizten dute. 2016an sortu zuten taldea, aurrez talde ezberdinetan jotzen zuten hiru musikari elkartuta: Eric (gitarra eta ahotsa), Alex (baxua) eta Koldo (bateria) dira taldekideak. 2017ko udan lehen diskoa grabatu zuten,
Deus Ez izenekoa. Autoekoitzitako lana da hori, eta hamar abestiz osatuta dago; rock, punk edota metal estiloak aurki daitezke bertan, melodia zainduekin eta indartsuekin.
Bestalde, Zumaiako hiru musikarik –
Unai Eizagirre (baxua eta ahotsa), Pablo Sanchez (bateria) eta Ion Brakamonte (gitarra)– osatzen dute Voltaia, eta stoner-rock doinuak taularatuko dituzte. Otsailean atera zuten argitara
Erortzen azken lana, eta aurkezpen bira egiten ari dira Euskal Herriko hainbat txokotan.