Gure Esku dago-k iganderako (ekainak 10) antolatutako
giza kate erraldoia antolatzeko buru-belarri lanean ari dira Urola Kostako herri dinamikak. Erabakitzeko eskubidearen aldeko ekitaldi horretan hartzaile izango da gainera eskualdea: katearen 201 kilometroetatik, Oriotik Arroabera bitartean, 24 kilometro osatuko dira. Urola Kostako herritarrek, berriz, 21. kilometrotik 41. kilometrora bitartean osatuko dute katea. Giza katea 12:00etan osatuko da.
Larunbatera bitartean, giza katean parte hartzeko izena emateko lanean jardungo dute herriz herriko Gure Esku Dago-ren herri dinamikek. Oraindik izena eman gabe daudenak horretara animatu dituzte: «Une historikoak bizitzen ari da gure herria, eta une erabakior hauetan herritarrok hitza hartu nahi dugula erakutsi behar dugu. Horretarako, ezinbestekoa da ekainaren 10eko giza katean denok parte hartzea, gure bizitzari eragiten dion ororen gainean erabaki nahi dugula adierazteko».
AIZARNAZABAL
Aizarnazabalgoak giza katearen 39. kilometroan egongo dira, Narrondon. 10:30ean, Bittarte erretegian bilduko dira eta handik kilometroa osatzeko zabalduko dira. Egunotan izena eman nahi dutenek honako telefonora deitu dezakete: 615 00 30 13 (Ainhoa).
AZKOITIA
Giza katerako izena emateko mahaiak jarriko dituzte Azkoitiko kalean gaur eta bihar arratsaldean eta larunbat eguerdian. Azkoitiko herritarrak giza katearen 40. eta 41. kilometroetan (Arroabetik Itziar alderantz) egongo dira. Giza katera autobusez joateko, berriz, honako tabernetan eman behar da aurrez izena: Etxe Aitz, Latz, Zakela, Zurt, Ttakun, Koxka, Dean eta Olaberri. Giza katerako autobusek igandean, 10:15ean, irtengo dute Liburutegi aurretik.
AZPEITIA
Herritar ugari ari da bat egiten iganderako Gure Esku Dago-k antolatu duen giza katearekin Azpeitian. Herriko hainbat arlotako lagunek erabakitzeko hainbat arrazoi plazaratu dituzte, eta Azpeitiko
Gure Esku Dago-k bideoa egin du horien adierazpenekin.
Dagoeneko 1.100 lagunek baino gehiagok eman dute izena Azpeitian igandeko giza katerako, baina oraindik ere eman daiteke izena. Hain zuzen ere, Gure Esku Dago-ko kideak Azoka Plazan izango dira egunotan, 17:30etik 20:00etara. Larunbat goiza izango da izena emateko azken eguna, eta GEDko kideak 10:00etatik 13:00etara izango dira Azoka Plazan.
Giza katera autobusez joatea gomendatu du GEDk, eta autobusak 09:30ean aterako dira Azpeitiko anbulatorio aurretik. Bi aukera daude joan-etorria autobusez egiteko: giza katera joan eta amaitzean Azpeitira itzuli (zazpi euro ordaindu behar da); eta giza katera joan eta bukatzean Donostiara joatea (hamar euro ordaindu behar da). Izan ere, Donostian izango da Gipuzkoako jaigunea. Autobusean joan nahi dutenek ahal bezain pronto eman beharko dute izena.
Autoz joateko aukera ere izango da, antolakuntza aparkalekuak antolatzen ari baita. 32. eta 33. kilometroetan egotea egokitzen zaien herritarrek Indaux lantegiaren aparkalekuan utzi beharko dute autoa; han 150 autorentzat tokia izango da. Gune hori betetzen bada, Askizu-San Prudentzio inguruan aparkatu beharko dute autoek. 34. eta 35. kilometroetan egongo diren lagunek, berriz, Zumaiatik Santio hondartzara bitarteko aparkalekuetan edo Zumaian utzi beharko dute autoa. Autoz doazen lagun guztiei Zumaiatik joatea eskatzen zaie; izan ere, autobus guztiak beste aldetik etorriko dira.
Giza katea 12:00etan hasiko da, eta azpeitiarrek Zumaia eta Getaria arteko errepidean 32, 33, 34 eta 35 kilometroetan egon beharko dute. Gure Esku Dago-k herritarrei 10:30erako dagokien kilometroan kokatzeko deia egin die.
GETARIA
Getariatik igaroko da giza katea. Igandean bertan, 10:30ean ongietorria egingo diete Getarian Lezo, Azpeitia, Beizama eta Errezilgo herritarrei. Ondoren, emanaldi bat egingo da herriko bertsolari, txalapartari, dantzari eta musikariekin eta, amaitzean, antolatzaileek herritarrak beren lekuetara bideratuko dituzte. 12:00etan osatuko da giza katea.
Zarauztik Getariara bitartean giza katea itsas pasealekutik zehar osatuko da. Getariatik Zumaiara bitartekoa, ordea, N-634 errepide bazterrean osatuko da. Beraz, segurtasunagatik Getariatik Zumaiara arteko errepidea autoentzako itxi egingo dute 10:00etatik 13:30era artean.
ORIO
Igandean, 10:00etan bilduko dira oriotarrak herriko plazan, eta jendea bertatik bideratuko dute antolatzaileek osatu beharreko bi kilometroetara. Aginaga auzoaren amaieratik Etxeluze gaztetxeraino doazen kilometroak hernaniarrek osatuko dituzte, eta Oibartzarretik Talai Mendirainokoak oiartzuarrek. Azken hauekin batera, Kataluniako herritar batzuk etorriko dira, eta Oibartzar parean emanalditxo bat egingo dute. Bihar eta etzi giza katerako izena emateko mahaiak jarriko dituzte.
ZESTOA
Zestoako eta Aizarnazabalgo herritarrek giza katearen 39. kilometroa osatuko dute, Arroabean. Zestoan dagoeneko 485 herritarrek eman dute giza katerako izena. Igandean autobusak izango dira Zestoatik giza katera, 10:30ean, Talleres Lizarralde aurrean, Estazioko industrialdean. Autobusak giza katearen tokira joan-etorrian ibiliko dira. Giza katera mendiz joan nahi dutenentzako ere aukera jarri dute, 09:30ean Gurutzetik irtenda. Autoz joaten direnek giza katera, Sansinenea industrialdean aparkatu beharko dute.
ZARAUTZ
Talai Mendiko eskaileretatik Getariako bidearen erdi aldera arteko eremua osatuko dute
zarauztarrek igandeko giza katean. Dagoeneko 1.600 pertsona inguruk eman dute parte hartzeko izena, eta astean zehar ere izena emateko aukera egongo denez, herrian jendetza handia bilduko dela iragartzen dute antolatzaileek. Bihar (ostirala) giza katerako izena emateko mahaiak jarriko dituzte, Lege Zaharren Enparantzan eta Astazubi plazaren ondoko bidegorrian 18:30etik 20:00etara, eta larunbatean, 12:00etatik 14:00etara, Musika Plazan. Horrez gain, Internetez ere eman daiteke izena,
gure esku dagoren webgunean. Ordainketa modu honetan eginez gero, webgunean eskuratutako kodea erakutsiz hartu ahalko da zapia egunean bertan.
Hiru kilometrook banatzeko, hiru elkargune zehaztu dituzte antolatzaileek. Lehen gunea Argiñano jatetxearen parean egongo da, eta Iñurritza, Itsas Mendi eta hondartza ingurukoak elkartuko dira bertan. Bigarren gunea Gurutze Gorrian egongo da, bertan, Zelai Ondo, Azken Portu eta ingurukoak elkartuko dira, eta azken gunean, Munoan, Alde Zaharrekoak, Vista Alegrekoak eta Salbidekoak. Antolatzaileek adierazi dutenez, banaketa hau ez da zurruna, antolaketan laguntzeko soilik zehaztu dituzte guneak.
10:30ean parte hartzaileei dagokien guneetara hurbiltzeko deia egin diete, eta bertan, gune bakoitzeko boluntario taldea arduratuko da jendea bideratzeaz. 12:00etan izango da giza katea, baina 11:00etarako parte hartzaileak beraien lekuetan prest egotea espero dute antolatzaileek. Herrian, guztira ehun boluntario inguru jardungo direla kalkulatzen dute.
ZUMAIA
Igandean, 10:00etan, Eusebio Gurrutxaga Plazan elkartuko dira. Bertan, txalapartariak eta bertsolariak izango dira, eta Zumaiako hainbat taldek giza katearekin bat egiteko beren arrazoiak emango dituzte. 10:30ean, bi taldetan banatu eta bakoitza bere kilometrorantz abiatuko da. 11:00etan denak prest egongo dira, eta 12:00etan, katxaperoaren danbatekoarekin batera, giza katea osatuko dute.
GIZA KATEA UROLA KOSTAN
KILOMETROKA
- 18. kilometroa. Orion, Hernanikoak.
- 19. Orion, Hernanikoak.
- 20. Orio, Anibarko portuan, Hernanikoak.
- 21. Orion, Oriokoak.
- 22. Orion, Orio eta Aiakoak.
- 23. Orion, Oiartzungoak.
- 24. Zarautzen Talaimendin, Baztan, Bortziri, Malerreka eta Mendialdekoak.
- 25. Zarautzen dunen parean, Oiartzungoak.
- 26. Zarautzen malekoian, Zarauzkoak.
- 27. Zarautzen malekoian, Zarauzkoak.
- 28. Zarautzen N-634 errepidean, Zarauzkoak.
- 29. Getarian N-634 errepidean, Lezokoak.
- 30. Getarian, Getariakoak.
- 31. Getarian, Getariakoak.
- 32. Getarian, Azpeitikoak, Errezilgoak eta Beizamakoak.
- 33. Getarian, Azpeitikoak.
- 34. Getarian, Azpeitikoak.
- 35. Zumaian Santiago hondartzaren parean, Azpeitikoak.
- 36. Zumaian, Zumaiakoak.
- 37. Zumaian, Zumaiakoak.
- 38. Zumaian, Zumaiakoak.
- 39. Zestoan Narrondon eta Arroabea artean, Zestoakoak eta Aizarnazabalgoak.
- 40. Arroabetik Itziarrera bidean, Azkoitikoak.
- 41. Itziarren, Azkoitikoak.