"Zaila da inoiz sentitu ez duzuna eszena batean adieraztea"

Izaskun Urbieta Esnal 2018ko eka. 7a, 09:54

Zumaiarrak agertzen diren hiru film labur eskainiko dituzte bihar Aita Mari aretoan, 19:30ean. Goiatz Aguado film labur horietako bateko protagonista da

Goiatz Aguado gazte zumaiarra ¿Quieres que hoy te bese? film laburreko protagonista da. (Izaskun Urbieta) Iker Arce eta Miriam Ortega zuzendarien film laburra da ¿Quieres que hoy te bese?. 23 minutu inguru irauten du eta zuri-beltzean da. Lan horrek Nerea izeneko neska gazte bati gertatzen zaion pasadizo traumatiko bat du oinarri; Goiatz Aguadok egiten du paper hori. Montse Atxegak, Goiatzen amak, azaldu du nondik nora iritsi zitzaion alabari film laburrean aritzeko eskaintza. "Goiatz Donostiako agentzia batean dago izena emanda, eta bertako arduradunak zaila eta gogorra zen proiektu bat zuela esateko deitu zidan. Film labur horretako protagonista izateko pertsonarik egokiena Goiatz izan zitekeela aipatu zidan, baina aurrena gurasook gidoia irakurtzeko gomendatu zidan". Gidoia irakurri ostean, filmaren gogortasunaz jabetu ziren gurasoak. Zalantzak izan zituzten, baina alabarekin hitz egin eta gero, aurrera egitea pentsatu zuten. "Badakigu nolakoa den gure alaba, oso heldua da eta berarekin hitz egin ondoren baiezkoa eman genion proiektuari", azaldu du Atxegak. Iazko udan grabatu zuten film laburra Zallako (Bizkaia) etxe batean. Aurretik, finantzaketa kolektiboa abiatu zuten filmeko zuzendariek. Era horretan, finantzazioa lortuta, hamabost egunetan grabatu zuten, abuztuan eta irailean. "Filmak lantzen duen gaia konplikatua da, baina baita errealista ere. Eszena askotan agertzen da Goiatz, eta grabazioaren hamabost egun horiek lan askoko egunak izan ziren", azaldu du Atxegak. Eroso eta pozik Drama generoan sartzen den film laburra da, eta hainbat eszena gogorrak ditu. Aguadok onartu duenez, hasieran zaila egin zitzaion gauza batzuk adieraztea. "Oso gaizki eta sufritzen nengoela adierazi behar nuen, eta horretarako, niri gertatutako egoera txar bat imajinatzeko esaten zidaten. Baina zaila da inoiz sentitu ez duzun hori eszena batean adieraztea", kontatu du. Neska alai bat izatetik jarrera guztiz aldatzera pasatzen da Nerea protagonista. Filmean gertatzen den pasadizo traumatiko bat da inflexio puntua. "Puntu horretatik aurrera eszena guztietan serio agertzen naiz eta aurpegiko espresioarekin nire sentimenduak kontatzen ditut", gaineratu du. Hala ere, egindako lanarekin pozik dago Aguado. "Gidoia irakurri nuenean, nire papera arrarotzat jo nuen. Baina asko ikasi dut, eta grabazio taldearekin oso gustura egin dut lan. Momentu guztietan eroso sentiarazi naute". Film laburreko protagonista izatea erronka handia izan da bai Aguadorentzat, baita bere familiarentzat ere. Umetatik dabil publizitatearen eta ikus-entzunezkoen munduan, baina lehendabiziko aldiz protagonista izatea egokitu zaio. Dagoeneko hainbat film labur eta iragarkitan aritu da Aguado. Ezagunena, agian, duela sei urte egin zuen Gernika bajo las bombas filma da. Orduan ere protagonistetako bat izan zen bera. "Gustatzen zait mundu hau, eta antzerkia ikasten nabil Donostian", kontatu du. Gurasoek ere animatzen dute bide honetan jarraitzera, baina oinak lurrean dituzte. "Agentzian esanda dugu: momentuz hemen inguruan egiteko lanak nahi ditugu. Oso zaila da kanpora joatea. Gurasook gainean egon beharra daukagu, eta biok lanean egonda ez da erraza antolatzea. Goiatzek urte gehiago dituenean, eta bide honetatik jarraitu nahiko balu, guk babes osoa emango diogu", adierazi du aktorearen amak. Atxegak azaldu du ¿Quieres que hoy te bese? film laburra ez dela umeentzat egindako pelikula bat. "Nahiz eta Goiatz agertu, oinarrian dagoen gaia gogorra da", azpimarratu du Atxegak.  
Telmo eta Elena Iruretaren  bi lan ere ikusgai Iker Arce eta Miriam Ortega zuzendari bilbotarren ¿Quieres que hoy te bese? film laburraz gain, beste bi eskainiko dituzte bihar Aita Mari aretoan. Horietako bat Azken muxua izenekoa da. Alex Telloren filmean, Telmo eta Elena Irureta dira protagonistak. Filmaren helburua da ikuslea gogoeta egitera bultzatzea. Horrela, bi protagonisten eskutik, Telmoren bizitzaren berri ezagutzeko aukera izango da. "Nor da? Zer egiten du emakume batekin auto batean? Nor da emakume hori? Nora doaz? Zertara? Zergatik?" bezalako galderak erantzungo dituzte. Film horretako musika Xabier Zabalarena da. Bihar eskainiko duten hirugarren film laburra Robarte una noche izango da. Fernando Vera zuzendariaren labur horretan Telmo Iruretaz gain, Miren Ibarguren aktoreak egiten du lana. Hiru egunetan filmatu zuten Donostian, eta egoera bitxi batean topatzen eta ezagutzen diren bi lagunen istorio pertsonala kontatzen du pelikulak. Hain zuzen, Ana eta Leoren arteko harremana kontatzen da. Ana Leoren etxera sartuko da lapurreta egitera, eta hortik abiatuta, harreman berezi bat sortuko da bien artean. Joan den martxoaren amaieran estreinatu zuten Donostiako Trueba antzokian. Hiru film laburrak Aita Mari aretoan emango dituzte 19:30etik aurrera. Sarrera doan  da, eta ¿Quieres que hoy te bese? film laburreko zuzendariek beren filma ikusteko 14 urtetik gorakoak izatea gomendatu dute. Hala ere, 14 urte beherako haurrik joango balitz, heldu batez lagunduta joatea gomendatu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide