Errepresioa eta epai judizialak salatzeko egindako pintaketak gaitzetsi ditu Zumaiako Udalak

Urola Kostako Hitza 2018ko ekainaren 6a

Altsasuko gazteen kontrako auzia salatzeko eta Errenteriako nahiz Beasaingo gazteei babesa agertzeko pintaketak egin zituzten joan zen asteburuan Zumaiko hainbat txokotan. Zumaiako Udalak pintaketa horiek salatu ditu gaur. Erakundeak esan duenez, "Zumaiako Udala ez dago ados Altsasuko gazteei ezarritako zigorrarekin", baina ezta auzia salatzeko egindako pintaketekin ere. Horregatik, margoketak gaitzetsi, eta eremu publikoak nahiz pribatuak errespetatzea eskatu du. “Zumaiako udal gobernuak errespetuaren eta bakearen aldeko apustua egiten du elkarbizitzaren oinarrizko printzipio gisa", adierazi du erakundeak. Horren harira, "horrelako ekintzak eta jarrerak" albo batera uzteko eskatu dio pintaketen egileei.  Era berean, Zumaiako Udalak azpimarratu du azken egunotan herritarren "kexa ugari" jaso dituztela udaletxean. Joan zen ostiralean jakinarazi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak Altsasuko zortzi gazteen aurkako epaia, baita Errenteriako eta Beasaingo gazteena ere. Altsasuko zortzi gazteei  bi eta hamahiru urte bitarteko zigorra ezarri die auzitegiak, lesioak, desordena publikoa eragitea eta mehatxuak egitea egotzita. Apirilaren 16tik maiatzaren 4ra bitartean epaitu zituzten gazteak, 2016ko urrian Altsasuko taberna batean bi guardia zibilekin izandako liskar batengatik. Atzo goizean atxilotu zituzten. Errenteriako eta Beasaingo gazteei dagokionez, Espainiako Auzitegi Nazionalak bina urteko espetxealdira zigortu ditu 2017ko martxoaren 11n Iruñean egin zen manifestazioaren ondorengo liskarretan parte hartzea egotzita. Ostiraleko epaiak salatzeko egin zituzten pintaketak zapatuan Zumaian. Honako argazki hauek bidali ditu Zumaiako Udalak. Bertan ageri dira asteburuan egindako pintaketa batzuk:    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide