Altsasuko atxiloketak salatzeko mobilizazioak egingo dituzte eskualdean

Urola Kostako Hitza 2018ko ekainaren 5a

Guardia Zibilak polizia operazioa gauzatu du gaur goizean, Altsasun. Iñaki Abad, Aratz Urrizola, Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea atzeman ditu, "ihes egiteko arriskua" argudiatuta. Altsasuko zortzi gazteei bi eta hamahiru urte arteko zigorrak ezarri dizkio Espainiako Auzitegi Nazionalak. Azpeitiko Sortuk eta Ernaik kontzentrazioa deitu dute 20:00etarako, plazan. Zumaian ere elkarretaratzea egingo dute, 20:00etan, Magnolioan. Zarautzen, berriz, manifestazio zaratatsua egingo dute, 20:00etan plazatik abiatuta.

Guardia Zibilak polizia operazioa gauzatu du gaur goizean, Altsasun. Iñaki Abad, Aratz Urrizola, Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea atzeman ditu, "ihes egiteko arriskua" argudiatuta, eta Urola Kostako hainbat herritan kontzentrazioak deitu dituzte. Azpeitiko Sortuk eta Ernaik atxiloketak salatzeko elkarretaratzea 20:00etarako deitu dute. Plazan izango da, Utzi Altsasu bakean! Utzi Euskal Herria bakean! lelopean. Zumaian ere elkarretaratzea egingo dute, 20:00etan, Magnolioan. Zarautzen, berriz, manifestazio zaratatsua deitu dute, udaletxe aurretik abiatuta, eta 20:00etan hasiko da. Joan zen ostiralean jakinarazi zuen Altsasuko zortzi gazteen aurkako epaia Espainiako Auzitegi Nazionalak. Zortzi gazte horiei bi eta hamahiru urte bitarteko zigorra ezarri die auzitegiak, lesioak, desordena publikoa eragitea eta mehatxuak egitea egotzita. Apirilaren 16tik maiatzaren 4ra bitartean epaitu zituzten zortzi gazteak, 2016ko urrian Altsasuko taberna batean bi guardi zibilekin izandako liskar batengatik. Epaiketan, hamabi eta 62 urte arteko zigorrak eskatu zituen fiskaltzak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide