Imanol Azkuek jasoko du Zumaiako euskararen historia soziala aztertzeko beka (Arnaitz Rubio Aprea/Baleike).
Zumaiako Udalaren euskararen historia soziala ikertzeko beka Imanol Azkue Ibarbia zumaiarrak jasoko du. Udalak bekara ikerketak aurkezteko deialdia egin zuen martxo amaieran, eta epean hautagai bakarra aurkeztu zen. Azkuek aurkeztutako ikerketa proposamena ontzat jo du epaimahaiak, eta proposamena "oso egokia, txukuna eta iturri asko planteatzen dituena" dela esan dute. Epaimahaia honako bi adituk osatu dute: Lionel Joly Euskaltzaindiaren EHS saileko kidea eta Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko teknikaria.
11.000 euroko beka jasoko du Azkuek, eta jarraipen batzorde batek egiaztatuko du lanak adostu bezala egingo direla. Guztira, 18 hilabeteko epea izango du lana bukatzeko. Lana amaitutakoan, jendaurrean ere aurkeztuko du egindakoa.
Udalak azaldu du, ikerketaren helburua Zumaiako euskararen historia soziala aztertzea izango dela: "Zehazki, gai horri lotutako informazioa bildu, ordenatu eta dibulgaziorako prestatzea. Ibilbide hori osorik aztertzea lan izugarria dela jakinik, lehen deialdi honetan 1766 eta 1966 bitarteko epea hartuko du ikerketak".
Imanol Azkuek ikerketa lanean era askotako iturriak proposatu ditu: "Zumaiako Artxiboa (aktak batez ere), inguruko beste artxibategi batzuk, hemerotekak, ahozko lekukotzak (
ahotsak.eus gunekoak tartean), gaiari buruzko azterlanak eta Zumaiari eta zumaiarrei buruzko lanak: historikoak, biografiak eta abar". Euskaltzaindiak proposatutako metodologia hartuko du eredutzat eta horretarako prestakuntza berezia jasoko du.