Azpeitiko palistek aurrera egin dute Herriarteko Txapelketan.
Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan hiru herritako pilotariek jokatu dituzte kanporaketak asteburuan, beste horrenbeste modalitatetan: Azkoitikoek eta Azpeitikoek eskuz zein gomazko paletan, eta Zumaiakoek zesta puntan.
Gomazko paletan, Azkoitiko palistak txapelketatik kanpo gelditu dira, eta Azpeitikoak finalaurrekoetara sailkatu dira. Azkoitiko Oteiza pilota elkarteko pilotariek Hernaniren aurka jokatu zituzten gomazko paletako partidak, Hernaniko Udal Pilotalekuan, eta Azkoitiko palistak txapelketatik kanpo gelditu ziren, tantoen aldeagatik. Izan ere, joanekoan azkoitiarrek bi eta bat menderatu zituzten hernaniarrak, baina tantoen aldea hernaniarren aldekoa zen —Azkoitiak 48 tanto eta Hernanik 49—. Asteburuan, berriz, Iker Epeldek 20 eta 19 galdu zuen buruz burukoan; binaka, Jokin Aizpuru eta Igor Juaristi 14 eta 20 gailendu ziren; eta, zazpi koadroren barruan, Markos Azpirozek 20 eta 6 galdu zuen. Beraz, hamar tantoko aldeagatik txapelketatik kanpo gelditu ziren azkoitiarrak.
Azpeitiak, berriz, finalaurrekoetarako txartela eskuratu zuen asteburuan. Andoainen aurka jokatu zituzten final laurdenetako itzulerako partidak, etxean. Azpeitiarrak 2 eta 1 nagusitu ziren joaneko partidetan, eta emaitza bera erdietsi zuten itzulerakoetan. Tanteoz, ordea, finalaurrekoetara sailkatu zen Azpeitia. Urtzi Lopetegik 20-6 irabazi zuen bakarkako partida; Eneko Martijak eta Oier Alkortak 20 eta 19 galdu zuten binakakoa; eta zazpi koadroren barruko partida 20-8 irabazi zuen Asier Egigurenek.
Eskuzko txapelketa
Eskuzko txapelketan ere Azkoitiak eta Azpeitiak jarraitzen dute aurrera. Eskuzko pilotariek final laurdenetako joaneko partidak jokatu zituzten asteburuan, eta 1 eta 2 nagusitu ziren azkoitiarrak. Kadete mailan, Mikel Aranbarrik eta Joritz Astigarragak jokatu zuten, eta 11 eta 22 irabazi zuten. Gazteen mailan, Jon Oteizak eta Iagoba Urangak ordezkatu zuten Azkoitia, eta 13 eta 22 irabazi zuten. Senior mailan, berriz, Alex Juaristi eta Julen Oñederra aritu ziren, eta 22 eta 7 galdu zuten. Eskuzko txapelketa final laurdenetan da, eta datorren astean itzulerako partidak jokatuko dituzte, Gurean. Beraz, kanporaketa etxean erabakiko da datorren ostiralean, 22:00etan hasita.
Era berean, Ilunpeko pilotariek eskuzko Herriarteko Pilota Txapelketako final laurdenetako joaneko partidak jokatu zituzten, Asteasuren aurka, eta 2 eta 1 nagusitu ziren Azpeitiko pilotariak Frontoi Txikian jokatutako neurketetan. Lehen partida, kadete mailakoa, erraz irabazi zuten Unai Alberdik eta Jakes Elosegik, 22 eta 0 amaitu baitzen neurketa. Gorka Iriarte eta Julen Egiguren jubenilek ere aise lortu zuten garaipena; 22 eta 7 bukatu zen partida. Hirugarren partida, ordea, seniorrena, ezin izan zuten azpeitiarrek irabazi: Jon Alberdik eta Daniel Murgiondok 14 eta 22 galdu zuten. Datorren astean, Asteasun jokatuko dituzte itzulerako partidak, eta han erabakiko da Ilunpeko pilotariek finalaurrekoetarako txartela eskuratuko duten ala ez.
Zesta punta