Jon Albizu, Mikel Arregi eta Alex Oliden, ostiralean Arroabeko Kultur Etxean. (Izaskun Urbieta)
Urolako bidegorria gai hartuta, joan den ostiralean Arroabeko Kultur Etxean prentsaurrekoa eman zuten Jon Albizu EH Bilduko Gipuzkoako batzarkideak, Mikel Arregi Zestoako EH Bilduko zinegotziak eta Alex Oliden Zumaiako EH Bilduko zinegotziak. Bezperan, ostegunean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan Arroabeko Bidegorriaren Aldeko Taldeak agerraldia egin zuen. Duela urtebete ere han izan ziren talde horretakoak, eta ordutik ez dutela erantzunik jaso salatu zuten.
Albizuk azaldu zuenez, aurreko agintaldian, estrategikoak ziren bi dokumentu onartu ziren Gipuzkoako Batzar Nagusietan: PTS-a eta plan estrategikoa. "Lehenengo dokumentuan bidegorri sarearen konposizioa eta lehentasunak zehazten ziren, eta plan estrategikoan, berriz, bizikletaren erabilera bultzatzeko bideak".
Aurreko agintaldian Gipuzkoako bidegorri sarea pixkanaka joan ziren eraikitzen. Esaterako, 2014ko uztailean inauguratu zen Zumaia eta Narrondo arteko bidegorri zatia. "Bi fase zituen proiektua zen hori. Lehenengoa bukatu zen, hau da, Zumaiatik Narrondora artekoa, baina zer gertatu da Narrondotik Arroara arteakoarekin? Gure ustez, agintaldi honetan sekulako atzerapausoa egon da", adierazi zuen Albizuk.
Iaz, Arroako biztanle batzuk bidegorriaren proiektuaz galdezka joan ziren Batzar Nagusietara. "Ikusi genuen herri ekimen bat zegoela, eta haiei hitza ematea interesgarria zela. Alderdi politiko guztiak ados jarri ziren hura lehentasunezko proiektu bat zela".
Ordutik, ordea, erantzunik ez dutela jaso salatu dute Arroakoek, eta EH Bilduren iritziz "utzikeria" dago erakundeen aldetik. "Uda ostean, datorren urteko aurrekontuak hasiko dira prestatzen. Hori dela eta, alderdikeriak alde batera utzita, bidegorria egiteko benetako proposamen bat egin nahi dugu. Proposamena ez dugu nahi EH Bildurena bakarrik izatea, aho batekoa izatea nahi dugu", azpimarratu zuen Albizuk. Proposamen horrek adostasun zabala izatea nahi dute, eta Urola bailarako udalen babesa izatea. "Gure iritziz, azken hiru urte hauetan Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du borondate politikorik eduki Urolako bidegorria osatzeko proiektua aurrera eramateko, eta lehentasuna izan beharko luke".
Herri ekimena
Olidenek Arroako biztanleek egin dituzten mobilizazioetan jarri zuen fokoa. Esaterako, 2017ko udazkenean, Zumaiatik hasi eta Arroako AP-8ko lotura arteko oinezko eta bizikletako ibilaldi jendetsua egin zen. "Herritarrek zerbait adierazi nahi izan zuten ekimen harekin. Hau da, lurralde antolamendua egiterako garaian mugikortasun sano eta iraunkor baten alde lan egitea, alegia", adierazi zuen Zumaiako EH Bilduko zinegotziak.
Bide horretan, duela gutxi Zumaian aurkeztu duten Turismo Planean Urolako bidegorriak hartu duen protagonismoa jarri zuen mahai gainean. "Azpiegitura hori biztanleriaren beharrak asetzeko planifikatu behar da, baita turismo ikuspegitik ere, zeharkako onurak izan ditzakelako", nabarmendu zuen. "Hori guztiagatik, Zumaiako Udal Gobernuari eskatu nahi diogu, beste erakundeekin batera, eta modu koordinatuan ahalegin guztiak egin ditzala Aldundiaren 2019ko aurrekontuetan Arroako bidegorri zatiaren proiektua aurreikusteko".
Mikel Arregi Zestoako EH Bilduko zinegotziak ere Arroako herri ekimenari egin zion aipamen berezia. "Arroako bidegorriaren aldeko talde horren lanari esker, gai hau berriro jarri da lehen planoan. Olidenek esan bezala, guk ere erakundeei aldarrikapen honekin bat egitea eskatzen diegu. Orain arte egin dituzten deialdietan ikusi denez, herritar guztiek eskatzen duten aldarrikapen bat da bidegorria osatzearena, eta ez dugu ulertzen horrelako axolagabekeria erakundeen aldetik", esan zuen.
Urolako bidegorria amaitzeko hiru kilometro eta 800 metro gelditzen dira. "Denok jabetuta gaude azpiegitura honek zein garrantzia daukan herritarren ongizatean. Garbi dago garraiobide iraunkorrak eta ingurumenarekiko errespetagarriak bultzatu behar direla. Bidegorria aisialdirako baliagarria izango da, turismoarentzako ere bai, baina baita herritarren egunerokotasunerako ere".