Urteekin modan jarri diren kirolak dira surfa eta bodyboarda. Gero eta jende gehiagok praktikatzen ditu kirol horiek Itzurun hondartzan. Uretako kirol jarduerek, baina, topo egin dezakete hondartzara joaten diren beste erabiltzaileekin. Horretarako, sektore hori arautzeko, agintarau berri bat sortu du Zumaiako Udalak.
Uretako kirolak praktikatzen dituztenak ugaritzearekin batera, jarduera horietara zuzendutako enpresak ere gehitu egin dira. Hasiera batean, Ziske klubak eskaintzen zituen surfeko eta bodyboardeko ikastaroak. Azken urteotan, ordea, ekintzaile pribatuak ere hasi dira ikastaroak eskaintzen; azkena, aurten bertan. Horregatik, Zumaiako Itzurun hondartzaren zabalera eta egitura kontuan hartuta, jarduerak eskainiko dituzten enpresak hirura mugatuko dira udalaren araudi berriaren bidez, eta lehiaketa publiko bidez esleituko dira horiei zuzendutako eremuak. «Neurri horren helburua da hondartzako erabiltzaileen eta surf zein bodyboard egiten dutenen arteko elkarbizitza egokia bermatzea», adierazi du Zumaiako Udalak.
Gaineratu du udalak, aurkezten diren eskolen txostenak aztertu ondoren, hurrenkera bat egingo dela eta puntuazio altuena lortzen duten hirurek izango dutela jarduera Itzurun hondartzan egiteko aukera.
Eskaerak ekainaren 13a baino lehen aurkeztu beharko dira Zumaiako Kirol Patronatuko erregistro orokorrean (Basadi auzategia, 16).