Enpresa simulatuko bilera gelan, Zumaiako Herri Eskolako goi zikloko ikasle eta irakasle batzuk.
Bi ikasturteko Administrazioa eta Finantzak goi mailako zikloa eskaintzen dute Zumaiako Herri Eskolan. Ikasketak bukatu eta lan mundura sartzeko aukera zabala eskaintzen duen heziketa zikloa da: "Enplegua lortzeko aukera zabalenetakoa eskaintzen duen zikloetako bat da. Azken batean, enpresa eta erakunde publiko guztietan dago administrazioko sail bat". Horrekin lotuta, eskolan bertan lan poltsa bat kudeatzen dute. "Eskolan jasotzen ditugun lan eskaintzak zuzenean ikasleei bideratzen dizkiegu".
Zumaiako Herri Eskolan ziklo hau ikasteko aukerak hainbat indargune ditu: "Ikasleekin harreman estuan lan egiten dugu". Horrez gain, adin tarte zabaleko ikasleak biltzen dira zikloa ikasteko, eta horrek ikasketa prozesua aberastea dakar: "Tipologia askotako ikasleak biltzen dira: batxilergotik datozenak, erdi mailako ziklotik datozenak, lan mundutik bueltan datozenak edota unibertsitatetik beste ikasketa batzuk egin ondoren goi ziklo hau egitea erabaki dutenak. Adin tarte zabaleko ikasleak elkarrekin aritzeak aberastasuna dakar, batek bestearen esperientzietatik eta lan egiteko moduetatik asko ikasten du".
Zikloko bigarren urtean irakaskuntza prozesurako tresna garrantzitsu bat erabiltzen da eskolan: enpresa simulatua. Bertan, enpresa baten egon daitezkeen administrazioko zeregin guztiak jartzen dituzte praktikan: fakturazioa, kontabilitatea, artxibatzea, ordainketak, kobraketak, gizarte segurantza eta ogasunarekiko betebeharrak... "Zikloko ikasgai guztietan ikasi duten hori jartzen da praktikan. Azken batean, enpresa bateko bulego bat litzateke. Harrera, bilera gela eta funtzionamendurako sail desberdinetan banatuta dago. Ikasleentzako tresna garrantzitsua da hori".
Horrez gain, bigarren ikasturteko azken hiruhilabetean 360 orduko praktikaldia egiten dute enpresa batean. Praktikaldi hori inguruko enpresetan edo atzerrian Erasmus+ programarekin egiten dute.
Heziketa duala
Goi mailako ziklo hau egiteko heziketa duala ere eskaintzen dute Zumaiako Herri Eskolan; hau da, zikloaren bigarren ikasturtean, eskolaren eta enpresaren artean elkarbanatutako irakaskuntza ematen da. "Bigarren ikasturtea eskolara etorriz eta lanera joanez egiteko aukera dute ikasleek, beka edo kontratu bidez. Hau da, ikas-denboraren parte bat lanarekin ordezkatzen da: ikasleak goizez eskolan egoten dira eta arratsaldez enpresan. Honek asko aberasten du beraien ikasketa prozesua eta laneratzeko aukerak areagotzen ditu".
Administrazioa eta Finantzak goi mailako heziketa zikloa
Aurre matrikulazio epea: ekainaren 4tik 15era
Aita Mari Auzategia, 45 20750 ZUMAIA (Gipuzkoa)
Telefonoa: 943- 86 08 09
Posta elektronikoa: idazkaritza@zumaiabhi. eus