Zumaiako Udalak 31 baratze egokitu ditu Basustagaineko eremuan

Urola Kostako Hitza 2018ko ekainaren 1a

Baratze horien erdiak interes taldeentzat gordeko ditu, eta gainontzekoak herritarren artean banatuko ditu. Ekainean saio irekiak egingo dira.

(Argazkia: Zumaiako Udala) Baratzeak jartzeko lursailaprestatu du Zumaiako Udalak Basustagainean. 50 eta 70 metro koadroko 31 baratze izango dira, eta herritarren artean banatuko dira. Baratze Parkea Kutxa Ekogunearen laguntzarekin gauzatu du udalak. Baratze guneari helburu eta izaera soziala emateko, Basustagainean sortu diren 31 baratzeetatik %50a interes taldeentzat gordeko du udalak; hau da, ezaugarri bereziko kolektiboentzat, hala nola, langabetuak, DSBE hartzaileak, ezgaituak, ama bakarreko bizikidetza unitateak… Gainerako baratzeak, berriz, herritarren artean zozkatuko ditu, errentaren arabera. Nekazaritza jarduera lantzeko ez ezik, ingurumena, ekologia, autokontsumoa edo elikadura osasuntsuaren inguruko heziketa eta sentsibilizazioa garatzeko elkargunea izatea du helburu egitasmoak. "Baratze Parkeak norberaren barazkiak autokontsumorako eta era ekologikoan egiteko aukera eskainiko die erabiltzaileei eta kalitatezko aisialdi aktiborako topagune ere bilakatuko da zumaiar guztientzat", azaldu du udalak. Hil honen hasieran, herritarrekin bilera eta saio irekiak egingo ditu udalak baratzeen erabileraren eta lursailak eskuratzeko esleipen eta zozketa prozesuaren nondik norakoak azaltzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide