Bidegorriaren inguruko erantzunik ez dutela jaso salatu dute Arroabeko bizilagunek

Zestoako Hitza 2018ko maiatzaren 31

Arroako bizilagunak orain urtebete izan ziren bidegorriaren proiektuaz galdezka Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta atzo berriz bertaratu ziren. Urtebetean ez dute aldundiaren Mugikortasun Sailaren erantzunik jaso, eta erakundeak proiektua egintzat eman duela salatu dute auzotarrek.

Batzar Nagusietan izan dira Bidegorriaren Aldeko lantaldeko kideak gaur. (Jon Albizu) Atzo, osteguna, Gipuzkoako Batzar Nagusietan izan dira berriz ere Arroabeko Bidegorriaren Aldeko taldeko kideak, hain zuzen ere, Zestoa eta Narrondo artean egiteko falta den bidegorri zatiaz hitz egiten. Duela urtebete inguru ere han izan ziren, Mugikortasun departamenduaren batzarrean, eta salatu dute ez dutela aldundiaren erantzunik jaso eta bidegorria egiteke dagoela. Gainera, azaldu dute diputazioak proiektua egintzak eman duela. Jon Albizu EH Bilduko batzarkideak bi adibide jarri zituen atzo, Batzar Nagusietako bilkuran. Gipuzkoako turismoko esku orri bat eraman zuen hara: "Duela hilabete argitaratu zen esku orri hori. Bertan, Zumaia eta Zumarraga lotzen dituen bidegorria egina dagoela agertzen da". Horrez gain, Mugikortasun Sailak argitaratu duen bidegorri sareen mapa erakutsi zuen. "Mapan bidegorria planifikatuta dagoela jartzen du, baina auzotarrei entzunda ez nuke hori esango. Mapa hau ere aurtengoa da". Arroa Beheko Bidegorriaren Aldeko Taldeko partaide den Pili Perurenak ere hartu zuen hitza. "Bere garaian hitz politak entzun genituen, erantzun bat emango zutela esan ziguten, eta gaur arte", salatu du hark. Albizu batzarkidearen iritziz, bidegorriaren egikaritza Batzar Nagusietan dauden talde politiko guztien borondatean aurkitzen da. "Talde politiko guztiok ados jarri behar dugu. Gu prest gaude talde guztiekin datozen hilabeteetan ebazpen bat onartzeko. Ezin dugu beste urtebete egon horrela. Lan horiei lehentasuna eman behar diegu. Bailara guztiak eskatzen du, eta premiazkoa da", gaineratu du. EH Bilduk atzoko agerraldiaren balorazioa egingo du gaur, ostirala, Arroako Kultur Etxean eskainiko duen prentsaurrekoan. Bertan izango dira Jon Albizu EH Bilduko batzarkidea, Mikel Arregi Zestoako Udaleko EH Bilduko zinegotzia eta Alex Oliden Zumaiako Udaleko EH Bilduko zinegotzia. Zumaiatik Legazpira bitarteko bidegorriaren barruan, Zestoako Iraeta auzoa eta Narrondo artekoa da egiteko geratzen den zati bakarra, 3,8 kilometro ingurukoa. Aldundiak zati hori egin dezan eskatzeko, hainbat ekintza egin dituzte azken urteetan. Eta eskaerarekin segitzen dute Arroabeko Bidegorriaren Aldeko taldeko kideek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide