Argazki bilduma: Prekarietatearen aurka, lanuzteak egin dituzte eskualdean

Urola Kostako Hitza 2018ko maiatzaren 31

Estatalizazioa=prekarizazioa. Lan marko propioaren alde lelopean, bi orduko lanuzteak egin zituzten atzo goizean, LAB sindikatuak deituta. Eskualdean, dozenaka lagunek egin zuten bat protestatekin, eta eguerdian, Azkoitian, Azpeitian, Getarian, Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian elkarretaratzeak egin zituzten lanuztea egin zutenek. Mobilizazioaren biharamunean, lanuzteekin bat egin zuten langileak zoriondu ditu sindikatuak, eta atzoko lanuzteak "beharginak kontzientziatzeko eta arazoa herriratzeko" balio izan zuela adierazi du. "Zoritxarrez, bidea luzea da, eta ezin izango dugu bakarrik egin. Gaurkoa beste mugarri bat izan den heinean, langileak batzen joango gara. Gaur, soilik LABek egin du deialdia, baina bihar gehiago izango gara, eta etzi zer esanik ez", esan du sindikatuak, eta langile guztiei dei egin die, "ahal duten neurrian", prekarietatearen alde "borrokan" jarrai dezaten. "Gaurkoan ez ditugu prekarietatea eta LABek azaldu duenez, sindikalismoak "erronka garrantzitsua" du prekarietateari eta pobrezia egoerari kalean erantzuna emateko, eta horregatik egin dituzte mobilizazioak. "Argi dugu Euskal Herrian aldaketa sozialaren alde dagoela gehiengo handi bat, eta kalean ari gara hori aldarrikatzen; emakumeak, pentsiodunak, lan gatazkak dituzten enpresetako langileak eta Maiatzaren Lehenean kalera irtendako herritarrak dira horren adibide garbia". Orain, baina, Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren alde eta estatalizazioaren nahiz prekarietatearen aurka dauden pertsonak mobilizatzea nahi izan du sindikatuak, eta horretarako egin zuen atzoko deialdia. Ikusi hemen LAB sindikatuak ateratako argazkiak: Azkoitian, Eroskiko biribilgunean egin zuten elkarretaratzea. (LAB) Azpeitian, Kiroldegiko biribilgunean dozenaka elkartu ziren. (LAB) Getarian, frontoiaren parean elkartu ziren. (LAB) Orion, herri sarrerako biribilgunean egin zuten elkarretaratzea. (LAB) Zarautzen, autobiderako sarreran egin zuten protesta. (LAB) Zestoan, Arroako autobide sarreran bildu ziren. (LAB)   Zumaian, Tren geltokiko biribilgunean elkartu ziren atzo. (LAB)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide