Zumaiako mendizaleen irteera bateko talde argazkia. (Indamendi m.b.)
San Pedro jaietarako aurtengo bigarren mendi irteera luzea antolatu du Indamendi mendizale elkarteak. Oraingo honetan, Espainian, Burgos eta Kantabria arteko mugan, hiru mendi ibilbide egingo dituzte. Ibilbideak
La Montaña Pasiega bezala dira ezagunak lur haietan, eta honako mendiak zeharkatzen ditu: Castro Valnera, Pico la Miel, Motas del Pardo, El Cotero, Peña Lusa eta La Inmunia. Mendizale elkarteak adierazi duenez, "ez daude urruti eta irteeran denak ikusten saiatuko gara".
Jai egunak lotuz
Ekainaren 29an da San Pedro eguna; aurten, ostirala. Jai egun hori aprobetxatu eta asteburuarekin lotuz, hiru egunetako irteera prestatu dute Indamendikoek.
Hala, San Pedro egunaren bezperan, ekainaren 28an, irtengo dute Zumaiatik (ordua oraindik zehazteke dute), eta han gaua pasatu eta hurrengo egunean egingo dute lehen ibilaldia. "Hiru egunetan hiru ibilbide egiteko asmoa dugu, eta behin guztia amaitutakoan, uztailaren 1ean, Espinosa de los Monteros herrian talde bazkariarekin amaituko dugu bidaia".
Izen-emate epea zabalik
Hiru egunetako irteeran parte hartzeko, Indamendiko bazkideek 205 euro ordaindu beharko dituzte, eta gainontzekoek 230 euro. Prezio horren barruan sartzen dira: autobusean joan-etorria, Villa Arcayon herrian dagoen Plati hotelean ostatua (mantenu erdian) eta azken eguneko talde bazkaria. Segurua edukitzea beharrezkoa dela gogorarazi du Indamendik: "Ezinbestekoa da aseguratuta egotea, mendian federatuta egonda edo aseguru partikularrarekin. Izan ere, mendi elkarteak ezin du bere gain hartu bidaiaren ardura".
Mendi irteeran izena emateko epea zabalik dago eta ekainaren 18a artekoa da. Horretarako, diru sarrera Laboral Kutxan egin beharko da ondoko kontu korronte zenbakian: ES27 3035 0037 44 0370007083. Diru sarrera egiterakoan bidaiariaren izena jarri beharko da. Ondoren, agiria Zumaiako goiko estankoan utzi edo mezu elektronikoz bidal daiteke:
indamendi1@gmail.com.
Igandean, Jurramendira
Hiru egunetako irteera horren aurretik, beste bat motzagoa antolatu dute Indamendikoek: igandean, Jurramendira (1.045 metro). Igandean, Zumaiako autobus geltokitik, 07:30ean irtengo dute mendizaleek. Irteera horretan parte hartzeko bihar eguerdirako izena eman beharko da goiko estankoan.
Jurramendi Lizarraldeko mendia da, Nafarroako erdialdea eta Erribera bereizten dituen muga naturala. Mendizaleak Iratxeko monasteriotik abiatuko dira, eta hainbat tontor eta gurutze igaro ondoren, Jurramendira iritsiko dira. Guztira, 15 kilometroko ibilbidea eginez.