Azkoitia, Azpeitia eta Zumaia ari dira bidea egiten Herriartekoan

Mailo Oiarzabal 2018ko maiatzaren 30a

Eskuzko final laurdenetako joanekoak jokatuko dituzte azpeitiarrek eta azkoitiarrek ostiralean, eta itzulerakoak gomazko palan. Zesta puntan indartsu dabiltza zumaiarrak.

Zumaia Herriartekoan ordezkatzen ari diren puntistak. (Baleike) Pilotako Gipuzkoako Herriarteko txapelketak aurrera doaz, eta eskualdeko ordezkaritza zabalak jarraitzen du lehian. Aia eskuzko lehian, Azkoitia eta Azpeitia eskuzkoan eta gomazko paletan, eta Zumaia eskuzkoan, palan eta zesta puntakoan hasi ziren bidea egiten aurtengo Herriartekoan. Aiakoak lehen kanporaketan gelditu ziren txapelketatik kanpo, Asteasuren kontra jokatuta. Gauza bera gertatu zitzaion Zumaiari eskuz –Donostiak kanporatu zituen zumaiarrak– eta palaz –Andoainek kanporatuta–. Beraz, hiru herritako pilotariek jarraitzen dute bizirik Herriartekoan, beste horrenbeste modalitatetan: Azkoitikoek eta Azpeitikoek eskuz zein gomazko paletan, eta Zumaiakoek zesta puntan. Final laurdenak Eskuzko txapelketan, final zortzirenetan hasi dira lehiatzen Azkoitia eta Azpeitia, eta biek lortu dute final laurdenetarako txartela. Joan den asteburuan jokatu zituzten biek ala biek final zortzirenetako itzulerako neurketak. Joanekoan etxetik kanpo 1 eta 2 abantaila hartuta, Gurea frontoian 3 eta 0 nagusituta borobildu zuten Oteiza pilota elkartekoek Donostiaren kontrako kanporaketa. Hernani izango du aurrean Azkoitiak final laurdenetan; ostiralean jokatuko dute joanekoa, Hernanin, 19:30ean hasita. Azpeitiak, egungo txapeldunak, erraz ekin dio aurtengoari: 0-3 eta tantoetan alde handiarekin irabazi zuen joanekoa Tolosan, eta ostiralean emaitza bera errepikatu zuen Frontoi Txikian. Ilunpe pilota elkartekoek etxean jokatuko dute berriro etzi, Asteasuren kontrako kanporaketaren joanekoa, 22:00etan hasiko den jaialdian. Gomazko paletako txapelketan final laurdenetan murgilduta daude dagoeneko Azkoitia eta Azpeitia. Hain zuzen ere, joan den asteburuan jokatu zituzten joaneko partidak, emaitza kontrajarriarekin. Azkoitiak 2 eta 1 hartu zuen mendean Hernani Gurean, eta abantaila hori defendatzen ahaleginduko da asteburuan; oraindik ez dute zehaztu noiz jokatuko dituzten itzulerako neurketak Hernanin. Azpeitiak, aldiz, 2 eta 1 galdu zuen joanekoa Andoainen, eta emaitzari buelta ematen saiatuko da zapatuan Urrestillan, 17:30etik aurrera. Zumaiarrak, indartsu Zesta puntako txapelketan, Hondarribia mendean hartu zuen Zumaiak joan den asteburuan, hirugarren jardunaldiko neurketan. Ligaxka eran ari dira jokatzen txapelketa, eta orain arteko hiru neurketetan nagusitu dira zumaiarrak. Etzi, Mutrikun jokatuko du Zumaiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide