Joseba Esnal izango da Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteko presidente berria

Izaskun Urbieta Esnal 2018ko maiatzaren 25a

Bi urtetarako hartu du kargua. Zazpi lagunek osatuko dute zuzendaritza taldea, horietatik bi emakumezkoak. Lehen helburua KAE 1 maila mantentzea izango da

Joseba Esnal Telmo Deun arraun elkarteko presidente berria, lehen traineruko arraunlari batzuekin. (Izaskun Urbieta) Talde bakarra aurkeztu da Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteko zuzendaritza aukeraketarako prozesura, eta ondorioz, Joseba Esnal presidente izango duen taldeak zuzenduko du datozen bi urteetan elkartea. Astelehen arratsaldean aldatu zuten elkarteko zuzendaritza, eta talde berriak gogoz eta ilusioz hartu du zeregina. "Lehengo zuzendaritza taldeari eskerrak eman nahi dizkiogu, aurtengo denboraldia bideratuta utzi digutelako. Neguan, elkarteko talde gazteenek lan ona egiten dute. Orain, udarari begira, gizonezkoen traineruarentzako entrenatzaile berria lortu zuten, eta arraun denboraldia martxa onean hartu dugu", aipatu du Joseba Esnal Zumaiako arraun elkarteko presidente berriak. Zuzendaritza talde berriak epe motzerako bi erronka nagusi ditu: lehena, lau hilabete barrurako, eta bigarrena, sei hilabeterako. "Lehenengoa, gizonezkoen traineruak maila mantentzea izango da, eta hori hemendik lau hilabetetara ikusiko dugu. Bigarrena, berriz, emakumezkoen trainerua uretaratzea izango da. Sei hilabete barru, gutxi gorabehera, datorren denboraldirako entrenamenduekin hasi beharko da, eta ordurako taldea osatu nahi dugu", adierazi du Esnalek. Harrobiko lana Hiru zutabe nagusi izango ditu zuzendaritza talde berriak: harrobia, konpromisoa eta lana. "Harrobiak izan behar du klub honetako filosofia. Jakin behar dugu nondik etorri garen, non gauden eta nora joan nahi dugun. Bide horretan, taldean sortzen den giroa ere garrantzitsua izango da. Oraingoz ona dago, eta konfiantza dugu arraunlariengan. Beraz, emaitzak etorriko dira", gaineratu du. KAE 1 maila lehiakorra eta exigentea dela aipatu du Esnalek. Talde oso gaztea du Zumaiak: batez beste 21 urtekoa. Dena den, maila mantentzeko helburua beteko dutela uste du Esnalek. "Aurreko zuzendaritzak Xabier Zulaika ekarri zuen gizonezko trainerua entrenatzeko, eta bete-betean asmatu zutela uste dut. Pertsona eta entrenatzaile bikaina izateaz gain, gazteekin lan egiteko eta harremanak sortzeko egokia da". Ekainaren 16an jokatuko dute ligako lehen estropada Portugaleten. Erlojuaren aurkako estropada izango da, eta hurrengo egunean, txandetan egingo dute Portugaleten bertan. "Orain arte egindako test moduko estropadetan ongi ibili dira. Pixkanaka mutilen hobekuntza ikusi da. Larunbat honetan Ondarroan beste estropada bat ere izango dugu". Ligako Zumaiako estropada uztailaren 7an jokatuko dute. Emakumezkoen trainerua Aurrez aipatu bezala, zuzendaritza berriaren lehenengo helburuetako bat datorren denboraldian emakumezkoen trainerua uretaratzea izango da. Erronka hori sei hilabete barru bete nahi dute. "Udazken-neguan hasten dira hurrengo denboraldirako prestatzen, eta ordurako oinarriak sendotu nahi ditugu", adierazi du arraun elkartearen arduradunak. Dagoeneko hasi dira hori lantzen, eta horretarako, urteetan emakumezkoen entrenatzaile izan den Kike Manterolarengana jo dute. "Gure ustez, emakumeen arraun munduan entrenatzaile aitzindarietako bat izan da Manterola. Erreferentea. Horregatik, errespetuagatik behintzat, berarengana jo dugu entrenatzaile postua eskaintzera. Ilusioa egin dio, eta taldea osatzen lagunduko digula baieztatu digu. Beraz, ofizialki esan dezaket Manterola izango dela berriro ere emakumezkoen entrenatzailea", aitortu du. Behin uretaratzea lortzen dutenean, helburu batzuk jarri eta pixkanaka hazten joatea izango da hurrengo pausoa. "Harrokeriarik gabe lan egitea da asmoa. Gure maila eman, eta pixkanaka etorriko dira emaitzak". Esperientzia Esnalentzat ez da berria presidente lana. Aurrez, 10 urtez, Zumaiako futbol elkartean egon zen. "Esperientzia hori baliagarria izango zait, baina, egia esan, kirol erabat ezberdinak dira, eta lan egiteko modua ere bai", aipatu du. "Nik gauza bat dut argi eta garbi: bulegoan baino arraunlariekin batera egongo naizela lanean. Kontu administratiboak baino, harreman zuzenak gehiago gustatzen zaizkit". Batzuk, agian, harritu egingo dira Esnal arraun elkartean ikusita, baina arrauna betidanik gustatu izan zaion kirola dela azpimarratu du. "Aitortu behar dut ez dudala inoiz arraun egin, baina zaletasuna beti izan dut. Oraindik gogoan ditut gurasoekin eta kuadrillan estropadak ikustera joaten ginen egunak", azaldu du. Horretaz gain, zuzendaritza taldea osatzen duten gainontzeko lagunek aurretik esperientzia dute arraun munduan, eta hori "positibotzat" jo du Esnalek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide