Gure Esku Dago dinamikak mobilizazio erraldoia antolatu du ekainaren 10erako.
Eman eskua etorkizunari! lelo hartuta, Donostia, Bilbo eta Gasteizko Legebiltzarra lotuko ditu 201,9 kilometroko giza kateak. Horretarako, gutxienez 100.000 lagun beharko direla jakinarazi du herri dinamikak. Giza kateak Urola Kostako hainbat herri hartuko ditu: Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia eta Zestoa (Arroabea). Urola Kostako herritarrak, berriz, 24 kilometro bete beharko dituzte.
Asteburu honetarako giza katerako izena emateko postuak jartzearekin batera, hainbat ekitaldi antolatu dituzte eskualdeko zenbait herritan:
Azkoitian Klik eguna antolatu dute larunbaterako;
Zestoan, herri mailako giza katea egingo dute larunbatean (18:30)
Herri Azokaren barruan; eta,
Zumaian giza katearen antolaketarako bilera irekia deitu du GED-k larunbaterako, 11:00etan, Brankan.
Giza katerako izena emateko aukerak herriz herri:
- Aia. Giza katerako izena emateko mahaia jarriko dute larunbatean, 19:00etan, herriko plazan. Aiakoak, giza katearen 22 kilometroan egongo dira, Oriokoekin batera Orion.
- Aizarnazabal. Ostiralean eta larunbatean giza katean izena emateko mahaia ipiniko dute GED-koek, 19:30etik 21:00etara, udaletxe aurrean. Ekainaren 2ko Jan Sano eta Bizi Pozik azokan postua jarriko du Gure Esku Dago-k. Aizarnazabalen 50 lagun lortzea dute helburu. Aizarnazabalgoak giza katearen 39. kilometroa osatuko dute Zestoakoekin batera, Zestoako zatian.
- Azkoitia. Ostegunero, pintxo potearen garaian giza katerako izena emateko mahaia jartzen du Gure Esku Dago-k. Larunbateko Klik egunean ere giza katerako izena ematea egongo da. Gure Esku Dago-k igandero mahaia jartzen du eliz atarian, 11:00etatik 13:30era. Azkoitian 300dik gorak izena eman du giza katerako. Azkoitikoek giza katearen 40. eta 41. kilometroak osatuko dituzte, Zestoa eta Itziar-Deba artean.
- Azpeitia. Gure Esku Dago-ren bulegoan (Foru ibilbidean) eman behar da izena giza katerako: astelehenetik ostiralera, 17:30etik 20:00etara. Astearteetan, goizez ere irekita dago 10:30etik 13:00etara; eta zapatu goizero, 10:30etik 13:00etara. 400dik gora herritarrek eman dute izena. Azpeitikoek giza katearen lau kilometro osatuko dituzte (32, 33, 34 eta 35) Getaria eta Zumaiako Santiago hondartza bitartean; 32. kilometroa Beizamakoekin eta Errezilgoekin osatuko dute.
- Beizama. Bertako Gure Esku Dago-ko kideren bati eman daiteke izena. Beizamakoak 32. kilometroan egongo dira, Getariako zatian.
- Errezil. Giza katerako izena Errezilgo dendan edo Borondegin eman daiteke. 50 lagun lortzea dute helburua. Errezilgoak 32. kilometroan egongo dira, Getariako zatian.
- Getaria. Larunbatean eta igandean giza katerako izena emateko mahaiak jarriko dituzte Kale Nagusian, 12:00etatik 14:00etara. 300dik gora herritarrek eman dute izena. Giza kateak Getariako 7 kilometro hartuko ditu. Getariakoek 31. eta 30. kilometroak osatuko dituzte.
- Orio. 1.001 herritar lortzeko erronka dute, eta 200dik gora lortu dituzte. Izena emateko postuak jarriko dituzte: ostiralean, 16:30etik aurrera, Herri Ikastolako pergolan; igandean, Kukuarri egunean; eta igandero herriko plazan. Giza kateak Orion sei kilometro hartuko ditu. Oriokoek katearen 21 eta 22 kilometroak osatuko dituzte; 22.a Aiakoekin batera.
- Zarautz. Astebururo herriko txoko desberdinetan jartzen dituzte izena emateko mahaiak Zarauzko Gure Esku Dago-koek. Zarauztik ere igaroko da giza katea, kanpinetik jaitsi eta maleikotik zeharkatuko du herria. Zarauzkoek 26., 27. eta 28. kilometroak osatu beharko dituzte: malekoian bi kilometro eta Getariako bidean beste bat.
- Zestoa. Larunbatean, 18:30ean, Herri Azokaren barruan, herri mailako giza katea antolatu du Zestoako Gure Esku Dago-k. Herri Azokan ere postua jarriko dute. Giza katerako izena emateko mahaiak jarriko dituzte: astelehen, astearte eta ostegunetan, 17:00etatik 19:00etara, Kultur Etxean; ostiraletan eta larunbatetan 19:00etatik 20:30era, plazan; eta, igandetan 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 20:30era, plazan. 200dik gora herritarrek eman dute izena. Zestoakoek 39. kilometroa osatuko dute Aizarnazabalgoekin batera, Arroabean.
- Zumaia. Larunbaterako giza katearen antolaketarako bilera irekia deitu du GED-k. 11:00etan izango da, Brankan. Asteburuetan herritarrek giza katerako izena emateko mahaia jartzen dute Erribera kalean: larunbatetan 19:00etatik aurrera eta igandeetan 13:00etatik aurrera. Zumaiako Gure Esku Dago-k giza katerako mila herritar lortzea du helburua; 370 inguruk eman dute. Zumaiakoek 36., 37, eta 38. kilometroak osatuko dituzte, Santiago hondartzatik Txikierdi ingurura artean.