Itzurun hondartzako lanak aurrera doaz

Izaskun Urbieta Esnal 2018ko maiatzaren 24a

Algorritik distantzia gutxira, Itzurungo hondartzan eremua hobetzeko lanak egiten ari dira Zumaiako Udala eta Gipuzkoako Kostako Zerbitzu Probintziala. Hondartza denboraldia hasterako bukatuta egongo dira lanak

Itzurun txiki eremuan egiten ari diren lanak. (Izaskun Urbieta) Maiatzaren 15ean hasi ziren Itzurun hondartza egokitzeko lanekin. Besteak beste, hondartzako kantinako ertzetan itxitura mugikorrak jarriko dituzte, eta Itzurun txiki eremuan alga pilaketen ondorioz sortutako usain txarrak saihesteko lanak egingo dituzte. Aurrena egin duten lana hondartzako ezkerraldeko jaitsiera egokitzea izan da. Hain zuzen, hilaren 15ean, garabi baten bidez, labarreko harri solteak kentzen jardun zuten langileek. "Lanen lehenengo pausoa erortzear zeuden harriak kentzea izan zen. Hurrengo zereginak eremua garbitzea eta, ondoren, egurrezko hesi bat jartzea izango dira. Egitura hori garrantzitsua izango da, babesteko balioko baitu", azaldu du eremuan lanean ari den behargin batek. Usain txarrak saihesteko Itzurun txiki aldean ere lanean ari dira. Bertan, alga pilaketek eragindako usain txarren arazoari erantzuna ematea da asmoa. Hala, pasabidearen azpian uraren joan-etorri naturala ahalbidetzeko lanean ari da udala. "Horri esker, algekin batera ura ez da bertan pilatuko", azaldu dute udaletik. Egokitzapen horiekin batera, Itzurungo kantinako ertzetan itxitura mugikorrak jarriko dituzte, bereziki galerna edo egun haizetsuetan bertan babestuago egon ahal izateko. Hondartza denboraldia hasterako, Itzurungo lanak amaituko dituztela aurreikusi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide