Zumaia GKN Driveline enpresa bisitatu du gaur Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak

Urola Kostako Hitza 2018ko maiatzaren 23a

Markel Olano GKN Driveline enpresako kideekin. (GFA) Zumaiako GKN Driveline enpresara bisita egin du gaur, asteazkena, Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusiak. Hark berrikuntzak duen garrantzian jarri du arreta gaur egin duen bisitan, eta aurtengo bono teknologikoetan 450.000 laguntza emango dutela iragarri du. Laguntza bono horien helburua da lurraldeko enpresa txikiei eta ertainei 4.0 indurstria eta fabrikazio aurreratuko teknologietara sarbidea eraztea. Olanorekin batera Zumaian izan dira Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako foru diputatua eta Garikoitz Agote Ekonomia Sustapeneko foru zuzendaria. GKN Drivelineren ordezkariak, berriz, Txomin Oronoz zuzendaria, Iñigo Zaldua Giza Baliabidetako zuzendaria, Beñat Lopetegi ingeniaritza zuzendaria eta Dani Azkue Ekoizpen zuzendaria izan dira.
Zumaiako GKN Driveline enpresak azpiegitura oso aurreratuak ditu. Ekoizpen zelula aurreratuak dituzte, baita transmisio eta motor elektrikoen B+G garapen zentroak ere. Eta, gainera, digitalizazioaren aldeko apustu sendoa egin du lantegiak. Ahalegin horri esker, GKNren Drivelinek lantegi onenaren saria eskuratu zuen iaz. Izan ere, 46 lantegitako 28.000 langilek osatzen dute linea. "Gipuzkoan daukagun 4.0 industriaren erakuslerik onenetarikoa da GKN Driveline enpresa", adierazi du Olanok. Ahaldun nagusiaren iritziz, lurraldearen etorkizun ekonomikoa bermatzeko modurik "eraginkorrena" berrikuntzaren alde egitea da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide