Astebete da Zumaiako Algorriko eremua egokitzeko lanak hasi zituztela. K/T mugaren behatokian egurrezko plataforma bat eraikitzen hastea izan da aurreneko lana. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zumaiako Udalak elkarlanean egingo dituzte Algorriko lanak, eta hilabete inguru iraungo dute. Bi helbururekin egingo dituzte: alde batetik, toki horretan higadura ekiditea, eta bestetik, ibiltarien segurtasuna bermatzea. Asier Hilario Geoparkeko zuzendariak Baleike.eus-i adierazi dionez, Algorriko eremuko higadurak "itxura eskasa" du, eta ubideak daude. "Lanak egiteko ahalik eta interbentzio txikiena eta naturalena egin nahi da, eta oinezkoen segurtasuna bermatu nahi da".
Lanak hasi besterik ez dituzte egin. Hilariok adierazi du, Algorriko egurrezko plataforma horren emaitza ikusteko lanak bukatu arte itxaron beharko dela: "Uste baino inpaktu gutxiago izango du ingurunean; izan ere, egurrezko plataforma horren inguruan bertako lurrarekin egindako harresi bat eraikiko da. Gero, bertako landaredia landatuko da".
San Telmo ermitatik Algorrira arteko eremuan egingo dituzte lanak, eta K/T mugaren behatokiko egurrezko plataforma aurreneko pausoa izan da. "Plataforma hori haitzari ongi lotzeko lurra kendu dute", azaldu du Hilariok. Segidan, egurrezko xaflak jarriko dituzte. "Tratatutako egurra da, kalitate onekoa eta inguruarekin bat datorrena", azaldu dio obraren arduradunak Baleike.eus-i. Horren arabera, ez da aldaketa esanguratsurik egingo paisaian eta modu iraunkorrean ari dira lanean, "eskuz ari gara, eta oinarrizko tresnak erabiliz".
Egurrezko plataforma egindakoan, lurrarekin metro erdi altuko harresi bat eraikiko dute bueltan. "Segurtasun neurri bat da", azaldu du obraren arduradunak. "Errazena egurrezko harresi bat egitea izango litzateke, baina horrek inpaktu handia eragingo luke ingurunean. Metro erdiko altuera izango du, eta bertako landaredia landatuko da. Era horretan, plataformaren ertzak ez dira ikusiko", azaldu du Hilariok. "Hori guztia ahalik eta era naturalenean egingo da. Orain ez dauka itxura onik, obran ari dira, baina herritarrei pazientzia eskatuko nieke. Emaitza lanak bukatutakoan ikusiko da, beraz itxaron egin behar da. Aipatu nahi dut baita ere, azken emaitza landaredia indartzean ikusiko dela”, jarraitu du.
Plataforma bukatutakoan, San Telmo aldera jarraituko dute lanean. Besteak beste, egurrezko hesolak jarri, bidexka berriak itxi eta lur buztintsuak garbituz.