Moilaberriko estazioaren eraikina erosteko beste ahalegin bat egiten ari da Zumaiako Udala, eta badirudi oraingoa bide onetik doala negoziazioa. Duela hamar bat urte ere izan zen hura erosteko zorian. Orduan, akordioa lortu zuen Jaurlaritzako Ogasun Sailarekin, baina Portuetako Sailak aztera bota zuen erosketa, eraikinaren behar zuela argudiatuta. Urte hauetan guztietan, ordea, ez da ezertarako erabili eta eraikina hondatzen hasita dago.
Zumaiako Udalak, atzo, asteartea, jakinarazi zuenez, Eusko Jaurlaritzak ondo hartu du proposamen berria. Turismo bulegoa eta Algorri Interpretazio Zentroko erakusketa jarri nahi ditu bertan, bisitariei zerbitzu hobea eskaini ahal izateko. Algorri Interpretazio Zentroan ikastetxeekin lanean jarraitzeko asmoa dute, baina bisitariei zuzendutako erakusketarentzat toki egokiagoa iruditzen zaie Moilaberri. Udalak arrazoitu duenez, Moilaberriko eraikinak kokapen hobea du, eta Algorriko erakusketa erabat uztartzen da turismo bulegotik egiten den eskaintzarekin. Horrez gain, Zumaiako eraikin historiko bat eskuratzea, zaharberritzea eta hari erabilera ematea garrantzitsutzat jo du udalak. Erakundeak ez du jakinarazi eraikina zenbat ordaindu beharko duen eta martxan jartzeko epeak zehaztuta al dauden.