Oikiako 700 urteko historian barrena

Izaskun Urbieta Esnal 2018ko maiatzaren 18a

Ekainaren 10ean Oikian ospatuko den Eskola Txikien festaren harira, auzoaren historia ardatz duen hitzaldia eskainiko dute igandean, Oikiako elizan, 11:00etan, Arantza Ugartek eta Pello Etxabek.

Arantza Ugartek eta Pello Etxabek egindako ikerketa lanean, XIV. mendean kokatzen dira Oikiaren lehenengo aztarnak. 1344. urteko Oikiako San Bartolome elizaren inguruko aipamenak bilatu dituzte. "Eliza egiteko komunitate baten beharra zegoen. Beraz, bazegoen herria", adierazi du Ugartek. Hasieratik, auzo izaera izan du Oikiak. "Zumaiako auzoa izan da ia beti. Urteetan istiluak izan zituzten zumaiarrekin. Alde ere egin zuten, eta Zestoako auzo izan ziren XV. mende hasieran", kontatu du Etxabek. "Horretaz gain, XIX. mende hasieran, Oikia, Aizarnazabal, Ibañarrieta eta San Lorentek udal bat osatu zuten, eta urte batzuetan funtzionatu zuen. Azkenean, aldaketa politikoren bat egon eta Zumaiako auzo izatera bueltatu zen Oikia", gaineratu du Ugartek. 700 urteko historia du Oikiak, eta hain zuzen, igandean (11:00) Oikian emango duten hitzaldia prestatzerakoan urte horietan guztietan izan duen antolaketan, jabegoan, eta industrian jarri dute arreta. "Sorreratik errepidearen bi aldeetara dago eraikia Oikia. Garaian garaiko ezaugarrietara eta beharretara jakin zuten moldatzen. Burdinola jarri zuen Igartza familia bertan kokatu zen, eta ibaiaren ondoan, errota batekin, Mantzizidor familia bizi izan zen. Ontzigintzara bideratutako aktibitatea ere egon zen", azaldu du Ugartek. Hala ere, nekazaritza izan da auzoko motorra, betidanik. "Aipatutako industrietan lan egiten zuten batzuk; garaiko ontziolak, adibidez, kendu eta jarri egiten ziren. Hau da, ontzi bat edo bi egin, eta beste toki batera joaten ziren. Urte jakin batzuetako aktibitatea izaten zen hori". Izaera eta nortasuna Oikiaren jabegoaren banaketa, etziko hitzaldiaren puntu garrantzitsu bat izango da. Familia gutxi batzuen artean banatuta zeuden auzoko jabetza guztiak, kasu honetan baserriak. "Duela 50-70 urte arte, errenta ordaintzen ibili dira baserritarrak". Kirolak eta kulturak ere garrantzia izan dute Oikiaren historian. "Hor dago arraunlari oikiarrek 1931. urtean Zarautzen irabazitako bandera, baita ere Inaxi Etxabe publikoan abestu zuen lehendabizikoetako emakume bertsolariaren historia", azpimarratu du Ugartek. Ugartek eta Etxabek egin duten ikerketan asko ikasi dutela diote. "Oikiak bere nortasuna izan du beti. Garaian garaira egokitzen jakin du", aipatu du Etxabek. "Horrenbeste urtean iraun duen herri batek izaera eta nortasuna dituenaren seinalea da. Bere bidea egin du, eta gaur egun ere, nortasuna indartu egin du", nabarmendu du Ugartek. Ekainaren 10ean Oikian ospatuko da Gipuzkoako Eskola Txikien festa, eta eskolak auzoan izan duen indarra azpimarratu dute biek. Eskolaren hastapenak zein urtetan izan ziren ez dute zehatz-mehatz jakin, baina badakite 1886. urtean Goiburu Behekoa dagoen tokian zela Oikiako eskola. "Garai hartan eskola bertan egotea, eta eskolaratzea oso inportantea zen", aipatu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide