Aniztasun funtzionala dutenentzat aisialdi zerbitzua eskainiko dute Zumaian

Izaskun Urbieta Esnal 2018ko maiatzaren 15a

Udalak bultzatuta, Gautenak gauzatuko duen proiektua da. Zerbitzuaz informatzeko bilera egin dute Brankan, eta hilabete honetan jarriko da martxan

Pili Alberdi gizarte teknikaria eta Kristina Vicente zinegotzia, Brankan. (Izaskun Urbieta) Atozte programaren xede nagusia da aniztasun funtzionala duten 18 urtetik gorako herritarrentzat aisialdi, laguntza eta jarraipen zerbitzua eskaintzea; besteak beste, haien autonomia bilakaera garatu, familia giroan edota gizartean elkarbizitza egokia lortzeko gaitasunak hartu edota herriko ekintzetan haien parte hartzea eta inplikazioa bultzatzeko. Kristina Vicente zinegotziak azaldu duenez, programa berria da, eta udalean jasotako eskaerei erantzuteko asmoz hasi ziren prestatzen. Pili Alberdi gizarte teknikariak zehaztu duenez, berriz, "aisialdirako behar bat zegoela jaso genuen Gizarte Zerbitzuetatik. Herriko baliabideei esker, 18 urtetik beherako herritarrentzat aisialdia osatuta dagoela uste dugu. Adin horretatik aurrerakoentzat, ordea, ez dago eskaintza zabalik. Aniztasun funtzionala duten pertsonek, berriz, aisialdia eta harremanak egiteko beharra ez dute asetuta, eta baldin badute familiakoekin bakarrik da". Hain zuzen, aniztasun funtzionala duten pertsonen eta beren familien edo zaintzaileen artean komunitatea sortzea ere bada programaren helburuetako bat. "Sare bat osatzea eta harremanak garatzea da garrantzitsua", azaldu du Vicentek. Programa hil honetan bertan jarriko dute abian, eta urtebeteko epea izango du. "Denbora horretan programak duen eboluzioa ikusiko dugu eta luzatzeko aukera ere izango da, noski", adierazi du udaleko ordezkariak. Ostiralean programari buruzko lehen bilera informatiboa egin zuten. Guztira, 30 lagun elkartu ziren bertan: aniztasun funtzionala duten batzuk, senitartekoak, hezitzaileak, Gautenako ordezkaria eta udal teknikariak. Programari buruzko informazioa eman ondoren, lanketa pertsonalizatuarekin hasiko dira. "Bi hezitzaile egongo dira, eta horien lehenengo asmoa izango da parte hartuko dutenekin biltzea. Norbanako bakoitza ezagutzea beharrezkoa da. Hau da bakoitzaren gaitasunak, zaletasunak, beharrak...", adierazi du Alberdik. Boluntarioen sarea Hil honetan eta datorrenean programako parte hartzaileak ezagutzeko prozesua egingo dute. Gero, norbanakoen ezaugarriak zeintzuk diren jasotakoan, ekintzak antolatzen hasiko dira. "Komunitatean parte hartzea sustatzea eta norberaren autonomia garatzea da nahia. Ekintzak egin, herriko beste talde, elkarte edo eragileekin parte hartu... elkartzeko espazio berri bat izango dute. Gainera, beren senideek eta zaintzaileek ere esperientziak partekatzeko espazio bat izango dute", adierazi du Alberdik. "Sentsibilizazio eta ikusgarritasunaz haratago", integrazioan lagundu nahi dute. "Gainerako herritarrok Zumaian aisialdiarako aukera dugu, baina aniztasun funtzionala dutenek askotan herritik kanpo joan behar dute beste elkartetara". Boluntarioen sare bat ere osatu nahi dute, aisialdirako aukerak pertsona horiei zein haien familiei zabaltzeko. Horretarako, norbanakoen edota herriko elkarte, talde eta eragileen parte hartzea funtsezkoa izango da. "Taldeek sustatutako ekintzetan aniztasun funtzionala duten pertsonak aintzat hartzea garrantzitsua da inklusibitatean laguntzeko", nabarmendu du Vicentek. Joan den ostiraleko bileran bost boluntario elkartu ziren. "Baina oraindik aukera dago nahi duenak boluntario gisa parte hartzeko", azaldu dute. Atozte programa, printzipioz, larunbat arratsaldeetan egingo dute. "Horrek ez du esanahi beste egun batzuetan elkartzeko aukera ez dutenik izango. Osatzen den boluntario sarearen arabera ere izango da hori".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide