Zumaiako hilerria. (Zumaiako Udala)
Zumaiako Udalak herritarrentzako kolunbarioa eraikitzea erabaki du. Horretarako, ordea, hainbat pauso eman beharko ditu udalak. Lehenik eta behin, kolunbarioa eraikiko den lekuan lurperatuta dauden zortzi haurren gorpuak aterako dituzte, horien familien baimena jaso eta gero. Zumaiako Udalak gaineratu du haur horietako zazpi 1950. eta 1960. urteen artean ehortzi zituztela leku horretan bertan.
Hori egin ondoren, kolunbarioa eraikitzeko urratsak ematen jarraituko du udalak. Horretarako, errautsak gordetzeko hainbat horma hobi eraikiko ditu. Horma hobi horiek erabiltzeko interesa duen edonork udaletxean egin beharko du eskaera. Jarraitu beharreko hurrengo pausoak aurrerago jakinaraziko ditu udalak.