Aimar Garciaren argazkiak irabazi du Santelmoetako Haur Danborradako Lehiaketa

Baleike.Eus 2018ko maiatzaren 11

Antolatzaileak pozik agertu dira argazkien kalitatearekin, eta baita izandako parte hartzearekin.

Apirila amaieran 70 argazkiekin osatutako erakusketa jarri zuen Jakintza elkarteak Alondegiko sarreran, eta atzoko sari banaketarekin amaitutzat eman dute VII. Haur Danborradako Argazki Lehiaketa. Aurtengo irabazlea Aimar Garcia gaztea izan da. Bi argazki aurkeztu ditu lehiaketara eta urduri bazegoen ere, pozik jaso du saria. "Argazki irabazlea nola aterako nuen pentsatuta nuen aurretik. Imaginazioa landu nahi nuen", kontatu zuen. Mikel Castellanok eta Bego Blancok osatu dute epaimahaia. Castellanok adierazi zuenez, "oso zaila izan da erabakia hartzea. Urte honetan lan asko egon dira, eta guztiak kalitate handikoak. Egia da, hala ere, begirada batean arreta deitzen zuten pare bat irudi zeudela", aitortu zuen. Omenaldia Jose Manuel Azkueri Jakintza elkarteak eskerrak eman nahi izan dizkie lehiaketan parte hartu duten guztiei, eta bide batez, Jose Manuel Azkueri omenaldi txiki bat egin zioten. Lehiaketa honetako sortzaileetako bat izan zen, eta baita epaimahaikide ere. Bere senitartekoek txapel bat jaso zuten oroigarri moduan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide