Ostiralean Bidasoako Itzulia jokatuko da Urola Kostan, Orio-Orio etaparekin

Urola Kostako Hitza 2018ko maiatzaren 8a

Ostiralean txirrindularitzaz gozatzeko aukera izango da Orion eta Urola Kosta eskualdean. Elite eta 23 urtez azpiko txirrindularien Bidasoako 46. Itzuliko 3. etapa Orion hasi eta bukatuko da.

Asteazkenean, bihar, hasiko dute Bidasoako Itzulia Irunen, eta ostiralean iritsiko da eskualdera. Urola Kostakoa itzuliko probarik luzeena izango da, 131,20 kilometroko ibilbidea osatu beharko baitute txirrindulariek. Ostiralean eguerdi partean abiatuko dute Orio-Orio etapa;14:30ean herriko plazatik irtengo dira txirrindulariak eta Aritzaga kaletik barrena N-634 errepidea hartuko dute, Zarauztik, Getariatik eta Zumaiatik igaroz. Gero, GI-631 errepidea hartu eta Zestoa, Azpeitia eta Azkoitia zeharkatuko dituzte Zumarraga aldera abiatzeko. Goierritik Mandubia gainetik sartuko dira berriro Urola Kostara eta Azpeitia, Zestoa, Aizarnazabal, eta Meaga zeharkatuta berriz ere N-634 errepidea hartu eta Zarauztik Aiara igaroko dira eta Aiako gainetik Oriora itzuliko dira. 17:40 aldera iritsiko dira txirrindulariak Orioko zunira eta Itsaspetik Orioko Arrantzale kalera joango dira, bertan izango baita helmuga. Trafikoan etenak Orioko Udalak jakinarazitakoaren arabera, herriko trafikoan eragina izango du txirrindularitzako probak. 08:00etatik kirol proba amaitu bitartean (17:40 inguruan iritsiko dira aurreneko txirrindulariak helmugara), Txanka eta hondartzako errepidea erabili beharko da herritik ateratzeko. Helmuga Orioko Arrantzale kalean izanik, txirrindulariak Txanka eta hondartza bidetik iritsiko dira autopista ondoko biribilgunera, eta handik zuzenean joko dute Arrantzale kaleko helmugara. Helmugaratzerakoan probako autoak Baxoalde, Palota eta Balea kaleetako errepideetatik desbideratuko dituzte lasterketaren antolatzaileek. Horrez gain, herriko hainbat kaletan aparkatzeko debekua ezarriko dute bihar. Herritarrek ezin izango dute autoa utzi Arrantzale kalean eta Abeslari kalean egun osoan zehar. Herriko Plazako aparkalekuetan eta Aritzaga kalekoetan, aldiz, lasterketa irteterakoan izango du eragina errepide mozketak.  Normalean kale horietan aparkatzen dutenek Mendibeltz futbol zelaiaren ondoko aparkalekuan edo autopista azpikoan aparkatzeko aukera izango dute. Zumaiako errepideetan ere eragina izango du lasterketak. 14:30etik 15:00ak bitartean igaroko dira txirrindulariak Zumaiatik, eta udalak ohartarazi duenaren arabera, ordu erdi horretan N-634 errepidea itxi egingo diote trafikoari. Ondorioz, ezingo da autoarekin Zumaiatik irten ezta sartu ere.

Ibilbidea eskualdean barrena

14:30. Irteera. Orio, herriko plazatik. 14:38. Zarautz (N-634) 14:44. Getaria (N-634) 14:52. Zumaia (N-634) 15:04. Zestoa (GI-631). Tarteko helmuga. 15:16. Azpeitian (GI-631) 15:22. Azkoitia (GI-631) 15:48. Zumarraga (GI-631) 16:00. Ormaiztegi 16:12. Mandubiako gaina 16:21. Matxinbenta. 16:27. Nuarbe auzoa. 16:35. Azpeitia (GI-631) 16:49. Zestoa (GI-631) 16:56. Aizarnazabal 17:05. Meagako gaina 17:12. Zarautz 17:16. Zuduriagako gaina. 17:21. Aia, Ubegun 17:26. Aiako gaina 17:32. Aia, Andatza. 17:40. Orio, zubia 17:44. Orio, Itsaspe 17:42. Helmuga, Orio Arrantzale kalea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide