'Ai ama' ontziak irabazi du Getariako Antxoa Eguneko II. Bela Estropada.
Getarian Antxoa Eguneko ekitaldien barruan atzo, larunbata, II. Bela Estropada jokatu zen. Hamalau ontzik parte hartu zuten estropadan, eta 3,3 itsas miliako triangelu bati hiru itzuli eman behar izan zizkioten.
Ipar mendebaleko haize leuna izan zuten estropadaren hasieran, eta lehen luzean borroka izan zen hainbat ontziren artean, nor lehenago iritsi buiara. Buiari itzulia eman ondoren, Akelarre ontziak aurrea hartu zuen, baina haizearen indarra baretu eta ezin izan zuen distantzia handia atera. Haizearen baretzeak eragina izan zuen estropadan, eta ontziek bi buelta bakarrik eman behar izan zizkioten triangeluari.
Azkenean, Zumaiako Ai Ama ontziak irabazi zuen Getariako estropada, Mastabakarra eta Akelarre bela ontzien aurretik.