Arrazolak marrazketa, pintura, argazkia, bideoa eta instalazioa erabili ditu amatasunaren inguruko erakusketa osatzeko, eta azaldu du lanok amatasunaren inguruko gogoetak direla. Gainera, hark esan du alokatutako sabelen edo haurduntza subrogatuaren gaiaren inguruko lanak ere jarri dituela ikusgai: "Izan ere, negozio horren oinarrian baliabiderik gabeko emakumeen gorputzak ustiatzea dago, bitartekari aritzen diren enpresak aberasteko. Bikote eskatzaileak eta premia larrian haurrak emateko prest dauden emakumeak harremanetan jarrtzen dituzte, diru nahikoa duten bikotearen edo intentziozko guraso deitutakoen nahia asebetete dezaten gorputz eta buru osasunak arriskuan jartzen dituztenek: haien karga genetikoa betikotzea". Arrazolak azaldu duenez, bere lanen atzean bere "psikearen hondo-hondotik jariatutako" motibazio eta tolesdura ikusezinak daude, eta hark dio obren esanahia hitz adieraz daitekeena baino "askoz zabalagoa" dela.
"Feminismoak, atari kontzeptu den aldetik, diziplina artistikoaren eta haren diskurtso epistemologikoaren kontzeptua modu atzeraezinean eraldatzea dakar", egilearen ustez. "Atari edo atalase kontzeptuala da, lengoaia artistikoen bilakaera beste era batera pentsatzera eramaten gaituena, artearen historiaren ikuskera eraldatu batera eta munduaren ikuskera berri batera ere bai". Erakusketak amatasunaren ikuskerari beste esangura bat ematea proposatzen duela esan du Arrazolak, eta haren helburua da "naturaren aitzakiapean emakumeak alteritate posiziora zokoratzen duen nagusitasun sinbolikoa desaktibatzea".