Afrikako dantzen klasearekin hasiko da Zumaiako Maiatza Dantzan 2018

Izaskun Urbieta Esnal 2018ko maiatzaren 1a

Dantzazaleon Eguna ospatuko dute larunbatean, Torreberrin. Afrikako dantzen masterclassa Anne Agirrek emango du, eta ondoren, bazkaria egingo dute.

Anne Agirre bere irakaslea den Marie Tourerekin erakustaldi batean. (Izaskun Urbieta) Dantza maite dutenek ez dute aspertzeko betarik izango maiatzean. Izan ere, aurtengo Maiatza Dantzaneko programazioan, askotariko dantza diziplinak  ezagutzeko eta ikasteko aukera eskainiko dute Zumaian. Lehendabiziko ekitaldia, Afrikako dantzen masterclassa izango da. Saioa larunbatean da, Torreberrin. Egun horretan bertan, Dantzazaleon Eguna ere ospatuko dute. Afrikako dantzen ikastaroa Anne Agirrek emango du. 2000. urtean hasi zen dantza horiek ikasten, eta ordutik bere bizitzako zati bihurtu dira. Lehen ikastaroak Piriniotan egin zituen, han bizi zen Maliko andre bat irakasle zuela. Ikaragarri gustatu zitzaion, eta Urola bailaran talde bat ere sortu zuen gustu eta pasio bera zuten beste pertsona batzuekin batera. Afrika mendebaldeko dantza egiten du Agirrek. Hau da, Ginea Konakri, Senegal, Burkina Faso, Marfil Kosta, Mali eta inguruko herrialdekoak. Horietatik, baina, Ginea Konakrikoa da Agirreren berezitasuna. Hain zuzen, Zumaian bere irakaslea den Marie Toure ere herrialde horretakoa da. "Dantza tradizionalean oso ona da Marie. Irakasle asko izan ditut, baina bera bezalakorik ez", adierazi du Agirrek. Afrikako dantzak bertako kulturaren zati handi bat dira. "Urte askotako galbahea du dantzak, tradizioa da, nahiz eta urteen poderioz tradizio hori eboluzionatu egin den", adierazi du Agirrek. Dantzen oinarrian musika dago, eta ezin da bata bestearengantik bereizi. "Dena bat da. Ez dute ulertzen perkusioa alde batetik joatea eta dantza bestetik. Milaka erritmo dituzte, eta erritmo bakoitzak mugimendu edo arau zehatz batzuk ditu". Estereotipoak puskatuz Agirre lanbidez berdintasuneko teknikaria da, eta bere lanbidean ere erabiltzen ditu Afrikako dantzak. Nola?. "Emakumeei jabetze eskolak ematen dizkiet, eta beren gorputzak oinarri hartuta, Afrika mendebaldeko dantzak erabiltzen ditut gorputzaren gainean jartzen diren estereotipoak puskatzeko", azaldu du. Izan ere, Afrikako dantzetan, tradizionalki emakumeei eta gizonezkoei ezarri zaizkien ezaugarriak puskatu edo desagertu egiten dira. "Behin dantza amaitutakoan, ordea, sexuen arteko rolak oso bereiztuta dituzte", zehaztu du. Agirreren ustez, Europan ez dago gorputzaren kontzientziarik. "Enborrak ez du existitzen Europan, eta gorputzaren enborrean kokatzen dira gure organo  guztiak", azaldu du. Agirrek eskainiko duen masterclassaren helburuetako bat izango da hain zuzen, gorputzaren eta beraren mugimenduen ezagutza ahalbidetzea. "Saioan hastapen maila emango dut. Erritmo tradizional bat hartu eta oinarrizko pausoak erakutsiko ditut. Aldamenean izango dut Marieren alaba. Gainera, jabetze eskoletan lantzen ditudan kontzeptuak ere azalduko ditut larunbateko saio horretan". Afrikako dantzaren mundua konplexua dela dio Agirrek, "baina garrantzitsuena Afrikako kulturari, jendeari eta beren dantzei errespetua izatea da", nabarmendu du. Agirrerentzat bereziak dira dantza hauek. "Lehen aipatu dudan guztiagatik: erritmoa, gorputzaren mugimendua, musika... Baina batez ere, maskulinitatearen eta feminitatearen desagerpenagatik. Hori oso ederra da, eta, hain zuzen, horrek ematen dio dantzari horrenbesteko indarra". Izen ematea zabalik da Masterclassean izena emateko azken eguna bihar izango da. Astinduko bazkideek doan izango dute, eta gainerakoek 15 euro ordaindu beharko dituzte. Izena emateko Alondegira jo, astindu.zde@gmail.com edo kulturetxea@zumaia.eus helbideetara mezu bat bidali daiteke. Afrikako dantzen inguruko saioa larunbatean da, 09:30etik 12:00etara, eta ondoren, bazkaria egongo da. Otordurako ere izena eman beharko da Alondegian edo aurrez aipatutako bi helbide elektronikoetako batean. Astindukoentzat doan da, eta gainerakoek 15 euro ordaindu beharko dituzte.

Maiatza Dantzan 2018

Maiatzak 5, larunbata Afrikako dantzen inguruko saioa. 09:30etik 12:00etara, Torreberrin. Bazkaria. Torreberrin. Maiatzak 12, larunbata Dantza klasikoen ikastaroa. Hiru saio: 10:00-10:45 (5-6 urtetik 8 urtera), 10:45-11:30 (9 urtetik 12 urtera), 16:00-18:00 (helduak). Irakaslea, Celline Illarramendi. Zumba saioa. Kantauri plazan, 18:30ean. Maiatzak 19, larunbata Dantzara Eguna. 18:00etatik 20:00etara, Beheko plazan. Hainbat dantza diziplina jorratuko dira: Hip Hop Team Wale (irakaslea, Alazne Martinez); Capoeira; AGL dantza, Cha cha cha, Bachata eta Kubako Rueda (irakaslea, Angel Mari Oiarzabal); eta Lindy Hop ikastaroa (irakaslea, Maria Peña). Maiatzak 26, larunbata Tik Tara, Zumaiako Musika Banda eta Astindu. Ondartxo plazan, 22:30ean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide