Arroako autobiderako lotunea maiatz bukaerarako irekitzea aurreikusten du Bidegik

Urola Kostako Hitza 2018ko apirilaren 30a

AP-8 autobiderako Zestoako sarrera-irteerako lanak azken fasean sartu direla jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hain zuzen ere, Arroan dagoen autobiderako lotunea maiatz bukaerarako irekitzea aurreikusten du Bidegi foru elkarteak. Joan zen abenduaren 1ean, AP-8 autobideak GI-631 errepidearekin bat egiten duen biribilgunean, bidezorua ondoratu zen Larrondo ubidearen parean. Eremua egonkortzeko larrialdiko neurriak hartu ondoren, behin-behineko lotunea egokitu zuen Bidegik, ondoko Sansinenea industriagunea baliatuta. Urtarrilaren hasieran, konponketa lanak lehiaketara atera zituzten, eta otsailaren 19an hasi ziren orain azken txanpan sartuta dauden obrak. Aldundiak azaldu du azken egunotan Larrondo erreka bideratzeko 24 modulu trinkoekin osatutako kajoia instalatu dutela; modulu guztiak jarri ondoren, egun obraren albotik doan behin-behineko kanalizazioa kenduko dute eta erreka bide berritik bideratuko da. 4 metroko zabalera, 4 metroko altuera eta 36 metroko luzera ditu bide berri horrek. 372.900 euroko aurrekontua dute lanek, BEZa gehitu gabe. Aldundiak emandako datuaren arabera, egunean bataz beste 10.200 ibilgailu igarotzen dira Arroako autobidearen lotunetik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide