(Onintza Lete Arrieta)
Helene Alberdi (Bilbo, 1991)
Yepatriko triatletak "beldurrez" ekin zion atzo
Getariako Triatloiari, baina emakumezkoetan garaipena lortu zuen bigarren urtez jarraian. 1:13:32 denborarekin, ia bi minutu eta erdiko aldea atera zion bigarrenari. Zumaiako bizilaguna orain hiru urte hasi zen triatloiak egiten.
Proba amaitu orduko hitz egin zuen HITZArekin.
Zer moduzko sentsazioa izan duzu proban?
Espero baino hobeto aritu naiz. Beldurra nuen, urteko aurreneko triatloia delako, eta ez da jakiten nolako sentsazioak edukiko diren. Baina igerian hasi naiz, eta gustura egin dut. Azkenean, espero baino hobeto.
Igeriketa da zure alde indartsuena.
Bai, ni lehen igerian ibiltzen nintzen, eta orain arte hori izan da indartsuena. Orain ari naiz pixkanaka hobetzen bizikletan eta korrika.
Aurten maldak jarri dituzte bizikleta saioan. Hori izan al da parte gogorrena?
Bai, baina espero baino hobeto ibili naiz. Beti asko sufritzen dut, batik bat aldapa gora, hori da nire
handicap-a, eta gaur espero baino hobeto ibili naiz. Gozatu ere egin dut aldapan gora.
Aldapa behera abiadura handiak hartu dituzue zenbait puntutan.
Pixka bat arriskutsua da aldapa behera, baina jakinaren gainean geunden, bagenekien bihurgune arriskutsu batzuk egongo zirela, eta zentzuz jokatuta, ez da arazorik egon.
Getariako Triatloitik, zer da politena?
Egia esan, izugarria da zenbat jende egoten den. Sekulako giroa egoten da, eta niretzat oso berezia da, hau baita egin nuen lehenengo triatloia.
Uretatik aurrena atera zara, eta probaren buruan jarraitu duzu amaierara arte.
Bai, uretatik lehena atera naiz, badirudi bizikletan tartea pixka bat handitu egin dudala, eta korrika lasaiago joan naiz.
Denborarekin gustura gelditu al zara?
Bai, lehenengo proba izanda, beldurra banuelako, eta espero baino hobeto ibili naiz azkenean. Hurrengo triatloirako motibatuta gelditu naiz.
Zein dituzu hurrengo hitzorduak?
Aurten distantzia luzeagoko probak ari naiz prestatzen. Iruñeako Triatloia daukat, adibidez. Igerian 2 kilometro dira, bizikletan 10 eta korrika 20. Horretaz gain, Espainiako Txapelketa Guadalajaran (Madril, Espainia), Zarauzko Triatloia, eta bestelako proba luze batzuk.