Gorputzari mugarik jarri gabe

Gipuzkoako HItza 2018ko apirilaren 27a

Maiaitza Dantzan egitasmoaz gain, aurten, lehen aldiz, 'Rendez-vous portuan' topaketa egingo dute Zumaian. Hainbat ikuskizun eta tailer izango da asteburuan.

Maiatza Dantzaneko iazko irudi bat. (Baleike) Gorputza astintzeko hilabetea da maiatza. Musikaren erritmoari segika, hainbat eta hainbat herritan antolatzen dituzte dantza ikastaroak, tailerrak eta emanaldiak, eta Zumaian ere ez dira atzean gelditu. Azken urteotan bezala, prest daukate Maiatza Dantzan egitaraua, eta, Astindu Dantza Elkartearen eskutik, bertaratzen direnek dantzan eta dantzarekin gozatu ahal izango dute maiatzeko larunbat guztietan. Aurten, ordea, badaukate berritasun bat: Celine Illarramendi irakasle lanetan dela, Rendez-vous portuan dantza topaketa egingo dute, asteburu honetan, Zumaiako portuan —21 Dance Street dantza eskola da antolatzailea, Zumaiako Udalaren eta portuaren laguntzarekin—; ikuskizunak eta tailer irekiak izango dituzte bertan. Lyonen jaio zen Illarramendi, eta Zumaian bizi da gaur egun; Aizarnakoak zituen birraitona eta birramona, eta Errenterian jaio zen haren aita. "Jendeak dantza klasikoa eta modernoa ezagut zitzan horrelako ekimenen bat sortzeko desiratzen nengoen", aitortu du irakasleak. "Haurrek eta gurasoek dantzarekiko sentiberatasun hori senti dezaten lortu nahi dugu, eta horregatik antolatu dugu bi eguneko ate irekien moduko ekitaldia". Hala nahi duten guztiek dantza egin ahal izango dute tailerretan. "Dantza taldeen klaseak eta emanaldiak nolakoak izaten diren jakiteko, baliagarria izango da prozesu hori". Tailerretan parte hartzeaz gain, ikuskizunekin gozatu ahal izango dute gero. Rendez-vous portuan dantza topaketaren barnean, dantza modernoaren ikuskizuna izango dute bihar, 17:00etan, 21 Dance Street dantza eskolaren eskutik, eta dantza diziplina horren tailerra ondoren, 17:30ean. "Familiako kide guztientzat aproposa izango da". Etzi, berriz, helduentzako dantza neoklasikoaren tailerrarekin ekingo diote egunari, 10:00etan, Maria eta Jose ikastetxeko gimnasioan —dohainik izango da tailerra, baina izena eman beharra dago, 622-60 41 29 telefono zenbakira deituta; hamabost laguneko taldea osatuko dute gehienez—; 12:30ean, balleteko barraren erakustaldia izango dute kirol portuan —edonork parte hartu ahal izango du, eta 13:00etan ballet ikuskizuna eskainiko du 21 Dance Street dantza eskolak. Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide