Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Langileen Nazioarteko Eguna ospatuko dute asteartean mundu osoan zehar. Urola Kostan Maiatzaren 1eko eskualdeko manifestazioa Zumaian egingo du LAB sindikatuak, Lan, bizi eta herri duina lelopean. Protesta 12:00etan abiatuko da, Beheko plazatik.
Zumaia aukeratzeko hainbat arrazoi eman ditu sindikatuak. Batetik, esan du herria "kolpe gogorrak" jasotzen ari dela azkenaldian, eta horren aurrean, "agintarien erabakiek ez dute laguntzen", gaineratu du. Adibide batzuk azaldu ditu prentsa ohar bidez: "Arantxa Tapia bizilagun duen herrian Xey bezalako enpresaren itxiera bizi izan dugu; Lagun Artean-en gainbehera; eta GKNren salerosketa kezkagarria, besteak beste". Horrez gain, "turismoaren leherketak" ostalaritzan eta beste sektore batzuetan egoera "larritu" egin duela uste du LABek.
Zumaiako Udalaren kontra, berriz, sindikatuak zera esan du: "Udal zerbitzuak pribatizatzen jarraitu nahi dute, eta gainera kalean salaketa egin nahi duen oro isilarazi nahi dute, garbitasunaren aitzakian".
"Zorionez", esan du sindikatuak, "aurre egiteko adorea dugu, eta izango dugu. Pentsiodunen mobilizazio jendetsuak edo Martxoaren 8ko greba feminista arrakastatsuak erakutsi dute injustiziei aurre egiteko herri honek duen indarra".
Hainbat eragilek hartuko du parte manifestazioan. Esaterako, han izango dela jakinarazi du Danda Zarauzko gazte asanbladak, eta arratsalderako (17:30) eztabaida saioa antolatu du, Putzuzulon.
Azpeitian, berriz, Maiatzaren Lehenean manifestaziora deitu dute arratsaldez (19:00) Azpeitiko Gaztetxeak, Ikasle Abertzaleakek, Ernaik, Basanderiek eta LABek. Langile boterea eraiki lelo hartuta, plazatik hasiko dute mobilizazioa.
ELAk, autobusak Bilbora
Bestalde, ELA sindikatuak Bilboko manifestaziorako deia egin du Maiatzaren Lehenerako. Pobreziari gerra! Soberan inor ez lelo hartuta egingo du mobilizazioa. Autobusak antolatu ditu Bilbora joateko, eta eskualdeko hainbat herritatik igaroko dira. Orion, 09:00etan jasoko ditu herritarrak, autobus geltokian; Zarautzen 09:10ean jarri dute hitzordua, Batzoki aurreko autobus geltokian; Getarian 09:15ean gelditu dira; Zumaian 09:20an herrian eta 09:30ean, Arroan A-8 autobideko sarreran; Zestoan 09:20an Gurutzean; Azpeitian 09:30ean anbulatorio aurretik; eta Azkoitian, azkenik, Eroski txikiaren aurreko autobus geltokian.