Lokala lortzeko sinadurak biltzen hasi da Txiribuelta elkartea

Urola Kostako Hitza 2018ko apirilaren 27a

0-6 urte bitarteko haur eta gurasoentzako toki itxi bat nahi dute, umeen garapena ahalbidetu eta gurasoen topagune izateko. Asteburuan Erriberan jarriko dira

Txiribuelta elkarteko kide batzuk. (Izaskun Urbieta) "Aurreko astean abiatu genuen sinadura bilketa, eta balorazioa egin ondoren, beste astebetez luzatzea pentsatu dugu", adierazi du Aratz Zearreta Txiribuelta elkarteko kideak. 0-6 urte arteko haur eta gurasoentzako lokala eskatzeko kanpainaren lehen zati horretan, Txiribuelta elkarteak 750 sinadura pasatxo lortu ditu, eta gustura daude emaitzarekin. Hori dela eta, asteburuan berriro jarriko dute postua Erribera kalean 12:30etik 14:00etara, eta 18:30etik 20:00etara. "Herriko kontu bat dela azaldu nahi dugu. Behar bat da. Orain, gu aurkitzen gara behar horrekin, baina etorkizunean beste familia batzuk izango dira. Horregatik, herritarren parte hartzea eta babesa eskatzen ditugu", gaineratu du Leire Garate Txiribueltakoak. Txiribuelta elkartea 2015. urtean sortu zuten, baina lehenagokoa da 0-6 urte bitarteko haur eta gurasoentzat lokal baten eskaera. Hala ere, elkartea sortuta, urte hartan egin zen eskaera ofiziala udalean. Erakundeak, 2016ko martxorako behin-behineko lokal bat emango ziela agindu zion Txiribueltari, eta bitartean, Forondako gela bat utzi zien. Baina bertan egiten diren ikastaroak direla eta, ez zela bateragarria uste dute. "Urte hartako abenduan Gaztetxea eskaini ziguten, baina beraiekin bildu ondoren, ikusi genuen ez zela bateragarria. Gainera, haiei kontsultatu gabe eskaini ziguten eremua, eta argi genuen ez ginela elkarren aurka hasiko". Ondoren, udalekoekin bildu ziren elkarteko kideak, "eskaintza praktikoago eta errealago bat zutenean gurekin harremanetan jartzeko esan genien. Hala, urtearen hasieratik, biltegi moduan, lokal bat utzi digute". Toki hori Ardantzabiden dago, eta beste elkarte batzuekin elkarbanatzen dute. "Lokal bezala ederra da, baina egokitzea falta zaio. Inbertsioa behar du. Obrako biltegia da orain, hautsa besterik ez dago eta umeek hainbat gauza ahora eramaten dituzte". Komunitatea sortu Txiribuelta elkartea 64-66 familiek osatzen dute, eta taldearen helburua da, besteak beste, gurasoen sarea eta harremana handitzea, komunitatea sortzea, alegia. "Lokalak umeen garapenean eta heziketan lagunduko du, eta gainera, gurasoen aterpe ere izango da. Azkenean, gure zalantzak, bizipenak eta iritziak trukatzeko topagune bat nahi dugu". Umeen garapenean, mugimenduan eta hezkuntzan laguntzeko lokal horren kudeaketa autogestionatutako leku bat izatea nahi dute. "Iruditzen zaigu udalarentzat ere errazena hori dela, baina edozein proposamenetara irekita gaude". Asteburuan bukatuko dute sinadura bilketa, eta Txiribuelta elkartean hurrengo pausoa bildutakoa udalera eramatea izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide