2016ko sanferminetan emakume bati taldean egindako erasoaren epaia gaur jakinarazi du Nafarroako Lurralde Auzitegiak; hain zuzen ere, sexu abusu delituagatik zigortu dituzte bost gizonak, eta bederatzi urteko espetxe zigorra bete beharko dute. Gainera, 50.000 euroko kalte ordaina eman beharko diote biktimari, eta bi hilabetez, eguneko 15 euroko isuna ordaindu beharko dute emakumeari sakelako telefonoa lapurtzeagatik. Bost gizonak sexu eraso delituagatik absolbitu egin dituzte; izan ere, epaimahaiak ez du frogatutzat jo indarkeria egon zenik. Intimitatearen aurkako delituagatik eta indarkeria bidezko lapurreta delituengatik ere absolbitu dituzte auzipetuak.
Epaia jakinarazi orduko iritsi dira erreakzioak, eta Urola Kostako mugimendu feministako eragileek ere ez dute bidezkotzat jo epaia. Hori dela eta, epaia salatzeko protestak deitu dituzte Azkoitian, Azpeitian, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian.
Azkoitiko Sostenipe talde feministak 19:30erako elkarretaratzea deitu du plazan. "Ez da abusua, bortxaketa da!", azaldu dute taldeko kideek. Haien arabera, "justiziak" bere aurpegia erakutsi du "beste behin".
Zarauzko Sare Feministak "justizia patriarkalaren aurka" bilera eta elkarretaratzea deitu ditu 19:00etarako, Lege Zaharraren enparantzan.
Zestoan kontzentrazioa deitu du Txoko Feministak, 19:30erako. Plazan egingo dute, Erasorik ez erantzunik gabe. Bortxaketaren kulturaren aurrean, feminismotik elkarrekin erantzuten dugu lelopean.
Azpeitian ere 19:30erako elkarretaratzea deitu du, plazan, Basanderiek asanblada feministak, Erasorik ez, erantzunik gabe! leloarekin. "Beste behin ere, justizia heteropatriarkalak berea egin du", aipatu dute deialdian Azpeitiko feministek.
Zumaiako Mugimendu Feministak kazerolada deitu du 19:30erako, Martxoaren 8 plazatik abiatuta. Mugimenduko kideek esan dutenez, justizia patriarkala salatu eta elkartasuna adierazi nahi diote bortxatua izan zen emakumeari. "Emakume guztiok dakigu Iruñean gertatutakoa bortxaketa izan zela, gutako bakoitzak uler dezakegu zer sentitu eta bizi zuen erasoatuak". Horregatik, "babesa" adierazi diote emakumeari: "Guk sinesten dizugu", azaldu dute. "Nazkatuta gaude justizia patriarkalaz, nazkatuta egunero jasaten ditugun erasoak zalantzan jartzeaz. Nahikoa da! Aske bizi nahi dugu!".