LABek Zumaian egingo du Maiatzaren 1eko eskualdeko manifestazioa

Urola Kostako Hitza 2018ko apirilaren 26a

ELAk, berriz, autobusak jarri ditu herriz herri, Bilboko manifestaziora joateko

Langileen Nazioarteko Eguna ospatuko dute asteartean mundu osoan zehar. Gurean, Maiatzaren 1eko eskualdeko manifestazioa Zumaian egingo du LAB sindikatuak. Protesta 12:00etan abiatuko da, Beheko plazatik. Zumaia aukeratzeko hainbat arrazoi eman ditu sindikatuak. Batetik, esan du herria "kolpe gogorrak" jasotzen ari dela azkenaldian, eta horren aurrean, "agintarien erabakiek ez dute laguntzen", gaineratu du. Adibide batzuk azaldu ditu prentsa ohar bidez: "Arantxa Tapia bizilagun duen herrian Xey bezalako enpresaren itxiera bizi izan dugu; Lagun Artean-en gainbehera; eta GKNren salerosketa kezkagarria, besteak beste". Horrez gain, "turismoaren leherketak" ostalaritzan eta beste sektore batzuetan egoera "larritu" egin duela uste du. Zumaiako Udalaren kontra, berriz, sindikatuak zera esan du: "Udal zerbitzuak pribatizatzen jarraitu nahi dute, eta gainera kalean salaketa egin nahi duen oro isilarazi nahi dute, garbitasunaren aitzakian". "Zorionez", esan du sindikatuak, "aurre egiteko adorea dugu, eta izango dugu. Pentsiodunen mobilizazio jendetsuak edo Martxoaren 8ko greba feminista arrakastatsuak erakutsi dute injustiziei aurre egiteko herri honek duen indarra". Hainbat eragilek hartuko dute parte manifestazioan. Esaterako, han izango dela jakinarazi du Danda Zarauzko gazte asanbladak, eta arratsalderako eztabaida saioa antolatu du, Putzuzulon.

ELAk autobusa jarri du herriz herri

Bestalde, ELAk Bilboko manifestaziorako deia egin du. Autobusa antolatu du hara joateko, eta eskualdeko hainbat herritatik pasako da. Orion, 09:00etan jasoko ditu herritarrak, autobus geltokian;  Zarautzen 09:10ean jarri dute hitzordua, Batzoki aurreko geltokian; Getarian 09:15ean gelditu dira; Zumaian 09:20an herrian eta 09:30ean, autobideko sarreran; Zestoan 09:20an Gurutzean; Azpeitian 09:30ean anbulatorio aurrean; eta Azkoitian, azkenik, Eroski txiki aurrean. Pobreziari gerra! Soberan inor ez lelopean protestatuko du Maiatzaren Lehenean ELAk.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide