Oier Korta eta Gorka Landabururen erreakzioak, ETAren agiriaren aurrean

Urola Kostako Hitza 2018ko api. 21a, 17:26

Gorka Landaburu. (Onintza Lete Arrieta/Hitza) ETAk bere jarduera armatuan eragindako «samin handia» aitortu du bere azken agirian, eta Berria egunkariak ETAren indarkeriaren hainbat biktimen erreakzioak jaso ditu; tartean, Oier Kortarena eta Gorka Landabururena.

Oier Korta: "ETA babestu dutenen jarreretan ikusi nahi dut"

«Albiste positiboa da», 2000. urtean ETAk hildako Joxe Mari Korta enpresaburuaren iloba Oier Kortarentzat. Dena den, berak ere kritikatu du erakunde armatuak biktimak «bereiztea». «ETAren inguruak» dituen «kontraesanekin» lotu du hori. «Agiri horretan esaten direnak ere ez datoz bat preso ohiei egiten dizkieten ongietorriekin». Kortak uste du «batzuei» kostako zaiela ETAk esandakoa bere egitea. «Haien jarreretan ikusi nahi dut hori».

Gorka Landaburu: «ETAk inoiz eginiko garrantzitsuena da»

ETAk bere historian egin duen adierazpenik «garrantzitsuena eta kritikoena» da. Hala uste du Gorka Landaburuk, 2001. urtean Zarautzen ETAren bonba-gutun batek zauritutako kazetariak. Landabururen ustez, biktima askorentzat ez da nahikoa izango adierazpena, baina azpimarratu du ETA «behin betiko desagertzeko bidean» izatea dela «garrantzitsuena». Berak ere nabari du gabeziarik agirian. «ETAk hainbat kontu zor dizkio euskal gizarteari; besteak beste, kritika politiko sakon bat. Espero du ezker abertzaleak egitea hori». Gainerako erreakzioak irakurtzeko: Berria.eus

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide