Unescoren ikastetxeen sarera batu dira Herri Eskola eta Maria eta Jose

Izaskun Urbieta Esnal 2018ko apirilaren 19a

180 herrialdetako 9.566 ikastetxek osatzen dute Unescori lotutako ikastetxeen nazioarteko sarea. Aurten, Gipuzkoatik bi gehitu dira, biak Zumaiakoak

Antton Garikano eta Isaak Aranberri, Zumaiako Herri Eskola eta Maria eta Jose ikastetxeko zuzendariak. (Izaskun Urbieta) Unescoren nazioarteko ikastetxeen sarera Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik bi eskola gehitu dira aurten, eta biak Zumaiakoak dira. Orain arte, Euskal Herriko zazpi eskola zeuden saretuta, eta horietatik bakarra Gipuzkoakoa. "Pozgarria da aitorpen hau jasotzea", aitortu dute Antton Garikano Zumaiako Herri Eskolako eta Isaak Aranberri Maria eta Jose ikastetxeko zuzendariek. Unescori lotutako ikastetxeen nazioarteko sarea 1953. urtean sortutako hezkuntza programa bat da, eta helburu du mundu osoko ikastetxeen artean lau gairekin zerikusia duten esperientzien, proiektuen eta material didaktikoen trukea bideratzea eta sustatzea. Lau gai horiek hauek dira: Munduko arazoak eta Nazio Batuen eginkizuna, Garapen iraunkorrerako hezkuntza, Bakea eta Giza eskubideak eta Kulturarteko ikaskuntza. Aitorpena eta babesa Eskola bakoitza bide desberdinetik sartu da Unescoren sarean. Maria eta Jose ikastetxearen kasuan, konfiantzaren pedagogia dela eta, dei bat jaso zuten duela urte eta erdi. "Gure hezkuntza sistema azaltzera joan ginen, eta bide batez, sarean sartzera gonbidatu gintuzten", azaldu du Aranberrik. Hala, Unescok dituen lau zutabeen artean bat aukeratu, eta eskolan garatzen ari diren proiektuetako bat aurkeztu zuten: Bakea atalka. "Bakea eta giza eskubideen arloa hartu genuen, eskolako proiektuarekin bat zetorrelako. Makroproiektu horri forma eman eta euskaratik gaztelaniara edo ingelesera itzuli behar izan genuen. Gure kasuan, bietara itzuli genuen". Zumaiako Herri Eskolak bere aldetik, Zumaiako ondare materiala eta inmateriala landu du. "Iaz, Algorri Interpretazio zentrora joan ginen, eta bertan Unescoko batzuk aurkezpen bat egin zuten. Gu txanela zahar bat eta maketa batzuk berritzen ari ginen orduan. Ontzi tradizionaletatik abiatuz, ondarearen lanketa egiten ari ginen. Beraz, alde horretatik jo genuen", adierazi du Garikanok. Unescoren nazioarteko ikastetxeen sarean sartzeak, orain arte egindako lanari aitorpena eta babesa ematea dela uste dute biek. "Aurrera begira ere bide horretatik jarraitu behar dugula esan nahi du. Baina horrekin batera, konpromiso bat ere eskatzen dute. Hau da, Unescok babesten dituen ekintzekin bat egitea eta beraiek zehaztutako helburuen atzetik lan egitea", azaldu dute. Bide berean lanean Urte honetan, lehengo ildotik jarraituko dute lanean Zumaiako bi eskolek. Maria eta Jose ikastetxeak Bakea eta Giza eskubideen arloa lantzen jarraituko du. "Urte honetarako hainbat ekintza eta ideia proiektatuta genituen, eta bide horretan egingo dugu lan". Zumaiako Herri Eskolak ere, ondarearen atala aztertzen segituko du; Zumaiako kofradia izango da horietako bat. "Herriko eragile batzuekin jarri gara kontaktuan kofradiaren berri izateko, eta akaso, etorkizun hurbil batean, ikasleek kofradia erakutsiko diete herritarrei". Gainera, zementugintzak Beduan eta Narrondon izan zuen bilakaera aztertuko dute, baita Geoparkeko puntu interesgarriak geolokalizatu ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide